Mundua -
Gerra Afganistanen
Soldadu estatubatuarrak bandera naziarekin
Argazkia 2010eko irailean atera zen Afganistanen eta polemika piztu du. Duela hilabete AEBetako soldaduak hildako afganiar batzuen gainean pixa egiten erakusten zuen bideoak harrotu zituen hautsak.
Erredakzioa
AEBetako Armadako soldaduek beste polemika bat sortu dute. Oraingo honetan Interneten zabaldu den argazki batek harrotu ditu hautsak: hamar bat soldadu bandera nazi batekin agertzen dira.
Argazki hori 2010eko irailean atera zen Afganistanen, eta AEBetako Armadak agiri batean esan duenez, horrelako sinbolo bat erabiltzea onartezina da, baina ez dituzte aipatu soldaduak zigortuko.
Fox telebista-katearen arabera, argazkian azaltzen diren soldaduek ukatu egin dute bandera nazia dela eta SS siglak 'sniper scouts' (frankotiratzaile esploratzaileak) hitzen laburdurak direla argudiatu dute. AEBetako Armadak ikerketa bat ireki zuen, baina gertakari horren atzean arrazakeria arrastorik ez zegoela ondorioztatu zuten. "Gainera, polemika honetan nahasitako soldaduek onartu dute bandera horrek interpretazio okerrak eragin ditzakeela eta gure Armadako baloreekin bat ez datorrela", erantsi zuten. Aipatzekoa da duela hilabete beste polemika bat sortu zela AEBetako Armadaren inguruan; izan ere, soldadu estatubatuar batzuk zenbait afganiarren hilotzen gainean pixa egiten agertzen ziren bideo bat publiko egin zen.