Mundua -

EB

EBk ekintza azkarreko indar europarra sortu nahi du, Afganistanen bezalako krisietan jarduteko

Josep Borrellek iragarri duenez, gutxienez 5.000 kidez osatuta egongo litzateke ekintza azkarreko indar europarra. Bere iritziz, Afganistandik ihes egiten ari diren pertsonak ez dira migratzaileak, baizik eta asilo-eskarzaileak.

Josep Borrell, Europar Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politikako goi-ordezkaria. Argazkia: EFE
Josep Borrell, Europar Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politikako goi-ordezkaria. Argazkia: EFE
Josep Borrell, Europar Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politikako goi-ordezkaria. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Politikarako goi-ordezkariak ostegun honetan iragarri duenez, azaroan ekintza azkarreko indar europarra sortzeko eztabaida planteatuko du. Hain zuzen ere, EBk autonomian irabaztea eta "beharrezkoa denean eta behar den tokian" jardutea ahalbidetzea da helburua. Borrellek azaldu duenez, gutxienez 5.000 kidez osatuta egongo litzateke ekintza azkarreko indar europarra, eta Afganistanen gertatutakoa ikusi ondoren, baliabide hori are beharrezkoagoa dela uste du, herritarrak babestu eta ebakuatzeko.

"Modu autonomoan jokatzeko gaitasun handiagoa behar dugu, beharrezkoa denean eta behar den tokian. Kabulgo aireportuaren perimetroa ziurtatzeko gai izan al ginen? Ez, amerikarrak gai izan ziren, baina gu ez", esan du Borrellek, EBko Defentsa eta Atzerri ministroekin Eslovenian egindako bilera informalaren ostean egindako agerraldian.

Hala, azken asteotan ikasitako irakaspenei etekina atera eta autonomian irabazteko beharra azpimarratu du. "EBk bere baliabide propioak izan behar ditu beste batzuen menpe ez egoteko, bazkideak eta aliatuak izan arren", gaineratu du. Bere ustez, EBk horretarako baliabideak ditu, baina borondate politikoa falta da.

Asilo-eskatzaileak

Bere iritziz, talibanen erregimenetik ihes egiten ari diren pertsonak ez dira migratzaileak, baizik eta hiltzeko arriskuan dauden eta nazioarteko herrialdeen babesa behar duten asilo-eskarzaileak. "Migratzaile deitzen diete, baina asiloa eskatzen dute", azpimarratu du Borrellek.

Testuinguru horretan, Kabulgo aireportua itxi arte, EBko estatu kideek 17.500 afganiar ebakuatu dituztela jakinarazi du, eta horietatik 520 EBn lan egin duten beharginak eta horien senideak direla zehaztu du.

Bere esanetan, "arrakastatsua" izan da hainbeste jende herrialdetik atera ahal izatea hain denbora gutxian, baina ohartarazi du erreskatatzea espero zuten beste pertsona asko ezin izan zirela aireportura iritsi, eta "arrisku handiko egoeran" geratu direla Afganistanen.

Hori dela eta, arriskuan dauden herritarrak segurtasun osoz ebakuatzeko aukera berriak aztertzen jarraituko dutela jakinarazi du, eta laguntza humanitarioa bidaltzen jarraituko dutela, baina erne egongo direla laguntza horiek modu egokian banatzen direla ziurtatzeko.

Talibanekin "baldintzatutako elkarrizketak" izateko prest

Afganistango Gobernu berria osatu ondoren, talibanekin "baldintzatutako elkarrizketa" izatea beharrezkoa dela azpimarratu du Borrellek. Baldintza horien artean, Exekutibo "inklusibo" bat sortzea aipatu du.

Baldintza horien arabera, EBk garapenerako laguntza emango dio Afganistani. Dena dela, Bruselak bertan behera utzi ditu laguntza horiek momentuz.

Laguntza humanitarioari dagokionez, berriz, "baldintza politikorik gabe" eskaintzen jarraituko du EBk, "jendeak laguntza behar duelako". Hala, Bruselak 200 milioi eurora igo du laguntza hori, baina dirua talibanen esku ez geratzea lortu nahi du.

Topaketaren aurretik egindako adierazpenak

EBko Defentsa eta Atzerri ministroekin bilera informala egin aurretik nabarmendu duenez, Europak defentsa indartsuagoa izatearen beharra "inoiz baino argiago" geratu da Afganistango gertakarien ostean, eta horrelakoak "historia idatzi eta aurrerapausoak eragin ohi dituzten horietakoak" direla erantsi du.

Topaketa horretan, Afganistango "egoera berriari nola egin aurre" eta "etorkizuneko erronkei aurre egiteko nola prestatu" eztabaidatu dute. "Inoiz ez da gaur bezain argi geratu Europako defentsa indartzeko beharra, Afganistango gertakarien ostean", azpimarratu du Europako diplomaziaren buruak. Hala, Borrellek gaineratu du gertakari hauek historian marka uzten dutela: "Batzuetan gertakariek historia idazten dute, historia bultzatzen dute, aurrerapausoak eragiten dituzte, eta, nire ustez, uda honetan gertatutakoa horietako bat da".

Bestalde, Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak adierazi du ondorioak ateratzeko eta oraindik Asiako herrialdean dauden kolaboratzaileei laguntzeko garaia dela: "EBren betebeharra herrialdean dauden kolaboratzaileak bertan ez uztea da, eta, nire ustez, hori izan behar da orain eztabaida nagusia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Eguneko albisteak Albisteak Afganistan