Mundua -

Afganistango krisia

Afganistango emakumeek protesta egin dute lapurtutako eskubideak eskatzeko talibanei

Politikan parte hartzeko eta lanerako eta hezkuntzarako eskubidea eskatu dute manifestariek, eta gogoan izan dute talibanen erregimenak, 1996 eta 2001 artean, emakumeak etxe barruan sartu zituela eta ikastea debekatu ziela.

Afganistango emakumeak, artxiboko irudian.
Afganistango emakumeak, artxiboko irudian.
Afganistango emakumeak, artxiboko irudian.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka emakumek protesta egin dute ostegun honetan Heraten, Afganistango mendebaldean, euren eskubideak berreskuratzeko eta Afganistango Gobernua osatzeko orduan kontuan har ditzatela eskatzeko talibanei.

Gobernuko langileek eta emakumeen eskubideen aldeko aktibistek antolatutako manifestazio luzea izan zen atzokoa, emakumeen aldeko eskubideak aldarrikatzekoa, alegia. Izan ere, islamistek ezohiko erronka bat dute orain, behin botera helduta, "islamaren mugen barruan" emakumeen lana "ahalbidetu" egingo dutela esan baitzuten.

Manifestariek politikan parte hartzeko eta lanerako eta hezkuntzarako eskubidea eskatu zuten, 1996 eta 2001 artean talibanen erregimenak emakumeak etxe barruan sartu zituela eta ikastea debekatu zietela gogora ekarrita.

"Emakumeen presentziarik gabeko gobernu batek ez du iraungo eta ez da egonkorra izango. Ez dugu onartzen emakumeen parte-hartzerik gabeko gobernurik, eta horren aurka egingo dugu", esan du Basira Taheri emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileak.

Protesta Herateko gobernadorearen bulegoaren aurrean egin zuten, "ez izan beldurrik, batera gaude" aldarri ozenen artean.

"Talibanek emakumeak baztertu dituzte Afganistango hiri nagusiak bereganatu zituztenetik. Emakumeek ez lukete baztertuta egon behar", kritikatu du Taherik.

Azken bi hamarkadetan, emakume ministroak, enbaxadoreak eta goi-mailako funtzionarioak izan dira herrialdean, baina orain, "non daude emakumeak? Ez dago emakumeen ordezkaririk bileretan", azpimarratu du.

Talibanek agindu zuten gobernu berria "inklusiboa" izango zela, eta herrialdeko etnia eta tribu guztiak ordezkatuko zituela. Baina, emakumeen kasuan, buruzagi fundamentalistek itxaroteko eskatu dute, jarraibide berriak zeintzuk izango diren ikusteko.

Aktibistak esan duenez, atzokoa ez da azken protesta izango, eta Afganistango beste probintzia batzuetako emakumeak berarekin harremanetan jarri direla ohartarazi du, datozen egunetan manifestazio gehiago egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Afganistan