Mundua -
Hauteskundeak
Behin-behineko emaitzen arabera, RNI da Marokoko hauteskundeetako garailea
Othmani egungo lehen ministroak ez du eserlekua lortu Rabaten, eta Ordezkarien Ganberatik kanpo geratu da.
EITB Media
Marokoko hauteskunde legegileen behin-behineko emaitzek garaipena eman diote Independenteen Konbergentzia Nazionala (RNI) alderdiari eta bere hautagaiari, Aziz Ajanuch egungo Nekazaritza ministro eta herrialdeko pertsona aberatsenari. Aldiz, gaur egun herrialdea gobernatzen duen alderdiak, Justizia eta Garapena Alderdi islamistak (PJD), 12 eserleku baino ez ditu lortu; aurreko hauteskundeetan 125 jaso zituen.
Abdelouafi Laftit Marokoko Barne ministroak hauteskundeen behin-behineko emaitzak jakinarazi ditu 02:30ean (01:30 GMT), botoen % 96 zenbatuta.
Zenbaketa horren arabera, RNIk irabazi ditu hauteskundeak, 97 eserleku lortuta, 2016an baino 60 gehiago; PJDk, berriz, porrot egin du, 2016ko hauteskundeetan 125 eserleku eskuratzetik 2021ekoetan 12 eskuratzera igaro baita.
Saadeddine Othmani egungo gobernuburua eta alderdi islamistako idazkari nagusia ere Ganberatik kanpo geratu da; izan ere, Rabateko barrutian aurkeztu da, baina ez du eserlekua lortu.
% 50etik gorako parte-hartzea
Marokoko hauteskunde eguneko parte-hartzea % 50,18koa izan da, 2016ko hauteskundeetan baino handiagoa, ordukoan bozkatzera deitutako boto-emaileen % 43 joan baitziren botoa ematera.
Laftitek prentsaurrekoan adierazi duenez, nazioko eta nazioarteko begiraleen presentziak "hauteskunde-prozesuaren gardentasuna indartu du", eta "hautetsontzien emaitzak zuzentzen duen gaitasuna" erakutsi du.
Era berean, Giza Eskubideen Kontseilu Nazionalak "behatzaileen lana kokatzeko" izan duen zeregina nabarmendu du; izan ere, behatzaile horiek "balio erantsia eman diote emaitzari", eta, horren arabera, prozesuarekin lotutako informazio eta datu guztiak eman zaizkie, "lana errazteko".