Publizitatea
Itxi

2021/09/14

11:00

Mundua

BIGARREN ERREFERENDUMA

Beste erreferendum bat deitzeko "lankidetza" eskatu dio Sturgeonek Londresi

A. S. | EITB MEDIA

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, baina, Eskoziak beste erreferendum bat egiteko duen "agindu eztabaidaezinari" uko egin dio, bere ustetan, "ez baita unea".

  • Nicola Sturgeon, Eskoziako ministro nagusia

    Nicola Sturgeon, Eskoziako ministro nagusia. Irudia: Artxiboko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro eta Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) buruak astelehen honetan adierazi duenez, Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuen arteko lankidetzak independentziari buruzko bigarren erreferendum bat bideratu beharko luke, 2014an egin zen moduan. "Pandemiak uzten badu", kontsulta 2023a amaitu baino lehen egin beharko lukete, horren arabera.

Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) 21. biltzarreko lehen hitzaldian, Sturgeonek esan du maiatzeko hauteskundeetan lortutako garaipenak "erreferendum baterako agindu argia" eman ziola. SNPko buruaren ustez, Londresen babesarekin edo babesik gabe, "demokrazia nagusituko da", erreferenduma egin egingo da, baina, hala ere, nahiago du "liskarrak" saihestu.

Horregatik, Erresuma Batuko Gobernuari eskatu dio 2014ko galdeketa ahalbidetu zuten akordioen "lankidetzarako espiritua" berreskuratzeko, "Eskoziako herritarren nahi demokratikoak entzunak eta errespetatuak izan daitezen". Ministroaren arabera, pandemiak ahalbidetzen duenean, legealdi honetan, 2023a amaitu aurretik, erreferendum bat deitu behar da.

Besteak beste, Londresek Brexitarekin aurrera jarraitzeko erabakia dago independentziaren aldeko erreferendumarekin aurrera jarraitzeko erabakiaren atzean; izan ere, SNPko buruaren ustez, kontserbadoreen obsesio horrek "kalte handia egiten dio Eskoziari".

Igandean egindako kongresuan, erreferendumerako lege-proiektu bat "ahalik eta azkarren" egitea babestu zuten SNP alderdiko ordezkariek. Bigarren bozketan, baina, baldintza bat jarri zuten: "Eskoziak ez ditu arriskuan jarri behar herritarren osasuna, ongizatea eta ekonomia; beraz, erreferendumak segurua izan behar du".

Johnsonek atzera bota du beste behin Eskoziaren "agindu eztabaidaezina"

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak uko egin dio berriro Eskoziako Gobernuak bigarren independentzia-erreferendum bat egiteko eskaerari. Lehen ministroaren bozeramailearen ustez, "ez da unea", eta Londresko Gobernuaren egungo lehentasuna pandemiaren eta horren ondorio ekonomikoen aurka borrokatzea dela azpimarratu du.

"Eskoziarrek argi utzi dute Erresuma Batuko Gobernuak eta Eskoziakoak pandemia gainditzeko elkarrekin lan egitea nahi dutela, hori da gure lehentasuna", erantsi du.

2014an bozkatu zuten lehen aldiz eskoziarrek herrialdearen balizko independentzia baten alde, eta hautesleen % 55,3k Erresuma Batuan jarraitzea erabaki zuen. Estatua, Erresuma Batua, Europar Batasuneko kide zen, eta erakunde horretan jarraitzearen aldeko mezua izan zen unionisten argudio nagusietako bat.

Handik bi urtera, 2016an, Erresuma Batuak Europa Batasunetik ateratzearen alde bozkatu zuen. Kasu horretan, kontrako botoak nagusitu ziren Eskozian, eta independentziari buruzko bigarren erreferendumaren aldeko jarrera indartu zen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;