Mundua -

Ibilbide politikoa

Alemaniako eta Europako historiaren atal bat itxi du Merkelek

Alemaniako kantzilerraren agurrak Europar Batasunarentzat galdera existentzialez betetako garai politiko berri bati hasiera emango dio.

Angela Merkel, 2021eko irailaren 16an. Artxiboko argazkia: EFE
Angela Merkel, 2021eko irailaren 16an. Artxiboko argazkia: EFE
Angela Merkel, 2021eko irailaren 16an. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel 2005ean iritsi zen Alemaniako agintera. Historia egin zuen, emakumea zelako eta egun desagertutako Alemaniako Errepublika Demokratikoan jaio zelako. Lau agintaldi geroago, eta historiarako beste une batzuk atzean utzita, boteretik aldenduko da, Alemaniarako zein Europarako aro berri bat irekiko duten hauteskundeen ostean.

Merkel Hanburgon jaio zen, 1954an. Artzain protestante baten eta ingeles irakasle baten alaba zen. Adin txikikoa zenean, Ekialdeko Alemaniako Quitzowera joan zen bizitzera. Zientziarekin lotutako ikasketak hasi zituen, bokazioz, baina, behin Berlingo Harresia erorita, Egunsenti Demokratikoa izeneko alderdi batekin bat egin zuen, Batasun Kristau Demokrataren aliatua zena.

Helmut Kohl ondoan zuela, hilabete gutxiren buruan Emakume eta Gazteria ministro izendatu zuten, Alemania batu berriko lehen gobernuan. Hala, gero eta garrantzia handiagoko postu gehiago lortu zituen alderdi horren baitan, baina 1999an bere aliatua zena alde batera utzi zuen, dohaintzekin lotutako eskandalu baten ondorioz.

Hala, CDUren buru izatera iritsi zen, baina 2002an ez zen bera izan bloke kontserbadorean kantziler izateko hautagaia, Edmund Stoiber orduko Batasun Sozial Kristauko (CSU) burua baizik, hauteskundeetan Gerhard Schroeder sozialdemokrataren aurka galdu zuena.

Ángela Merkel

Merkelen aukera handia 2005ean iritsi zen. Ordutik igaro diren 16 urte hauek agintean eman ditu Merkelek, hauteskundeak irabazita. Alabaina, 2018ko urrian, eskualdean izandako emaitza txarren ostean, iragarri zuen ez zela berriro aurkeztuko CDUren buruzagitzara, eta, ondorioz, oraingoa bere azken agintaldia izango zela ziurtatu zuen.

16 urteen erretratua

Enigmatikoa eta konfiantzazko zirkulu txiki batez inguratua, Merkelek ez du polemika handirik sortu bere ibilbide politikoan. Ildo horretatik, jarrera serioa eta zentrista izan du beti, inguruan buruzagi "populistak" agertzen ziren bitartean, herritarrenganako irudi "atseginagoa" bilatuz. Testuinguru horretan, arlo politikoan kontserbadorea izan da, baina ez zenbait esparrutan espero zitekeen bezainbeste. Bai, ordea, ekonomia arloan, une jakin eta erabakigarri batean.

Europan, 2008ko finantza krisiaren susperraldian austeritatearen sustatzaile nagusia izateagatik gogoratuko dute herritarrek, baina baita euroaren defentsa irmoagatik ere, besteak beste, honakoa esan baitzuen: "Euroak porrot egiten badu, Europak porrot egingo du".

Ángela Merkel

Gizarte arloan, berriz, 2015ean Europarako migratzaileen eta errefuxiatuen krisialdian hartutako ate-irekien politika du berme nagusietako bat, baita klima-aldaketari politika publikoen bidez aurre egiteko beharra azpimarratu izana ere.

Koronabirusak eragindako pandemiak, ordea, eragin handia izan du haren agintaldian azken urte eta erdi honetan. Bere kudeaketa txalotu duten jarraitzaile asko izan ditu, baina beste askok irmo kritikatu dute, kasuak murrizteko neurri zorrotzegiak hartu dituela iritzita. 2021eko martxoan, aurreikusitako guztia alde batera utzi behar izan zuen, birusaren hedapena geldiaraztea erabateko lehentasuna zelako.

Adituen arabera, bere trebetasun politiko handiena herritarren sentimendua gogoeta politikoen gainetik irakurtzen eta epe luzera begiratzen jakitea da. Eta ezagutzen dutenek umore-sena duela esaten dute, bere politika zorrotz eta gupidagabearen iruditik harago.

Stefan Kornelius Suddeutsche Zeitung egunkariko politika arduradunak eta Merkelen biografoak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu duenez, kantzilerra ez da pertsona ideologikoa. "Politiketan eta gaietan zentratzen da, eta ez alderdikerian. Eta eguneroko lanaren aldeko zaletasun hori begi onez ikusten dute Alemaniako hautesleek, ez baitute alderdikeria hutsala maite", esan du.

Zentzu horretan, "gauzak lasai eta egonkor mantentzen ditu, herrialdea egonkor eta arrakastatsu mantendu duen bezala. Ez du arrazoirik eman boteretik botatzeko".

Merkel Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) lau presidenterekin eta Frantziako beste hainbeste estatubururekin aritu izan da; azken herrialde horrekin aliantzak egin ditu ideologiak alde batera utzita, Europar Batasunaren ikuspegi komun baten bila.

Merkel y Macrón

Vladimir Putin errusiarrak bakarrik jarraitu dio erritmo sutsu horri. Hala, Europako gorabehera nagusiak agintean bizi izan dituzte biek.

Zalaparta handirik sortu gabe

Agian bere agurraren iraupenagatik (duela bi urte iragarri zuen joan egingo zela) edo bere izaera bereziagatik, Merkel zalaparta handirik sortu gabe aldentzen ari da lehen lerrotik, nahiz eta Alemaniako prentsak azken hilabeteetan kantzilerraren azken aldiei titular asko eskaini dizkien.

Irailaren 7an agertu zen azken aldiz Bundestagen, Alemaniako Parlamentuko Behe Ganberan, eta oraindik beste agur-ekitaldi batzuk geratzen zaizkio; izan ere, jarduneko kantziler izaten jarraituko du gobernu berria osatu arte, eta 2017ko hauteskundeen ostean, sei hilabete behar izan zituzten gehiengoa adosteko.

Eta gero, zer?

Merkelen izena Europako ia postu garrantzitsu guztiak betetzeko aipatu da azken urteotan, baina bere izaera politikoak zaildu egiten du lehen mailako kargu berri batean kokatzea, Alemaniako edo Europako Kontseiluko presidente gisa.

Bere etorkizunaren inguruan galdetu ziotenean, ondorengoa erantzun zuen: "Jakingo dut zer egin denborarekin".

Angela Merkel

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Angela Merkel Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alemania