Mundua -
Lurrikara Grezian
Pertsona bat hil da Kreta irlan izandako 5,8 graduko lurrikararen ondorioz
Hainbat eraikin erori dira gaur goizeko astinduaren eraginez, gizon bat hil egin da eta hainbat lagun zauritu. Errepide batzuk blokeatuta daude eta, ikastetxe eta eraikin publikoak itxi dituzte, badaezpada.
Agentziak | Eitb Media
Richter eskalan 5,8 graduko lurrikara batek Greziako Kreta irla astindu du gaur goizean eta gizonezko bat hil da Arkalojori herrian.
Agentzien informazioaren arabera, gizonezkoa eliza txiki batean konponketa lanetan ari zen, lurrikarak tenpluko sabaia behera bota duenean, eta harrapatuta geratu da bertan.
Babes Zibileko zerbitzuek baieztatu dutenez, beste bederatzi lagun zauritu dira lurrikararen ondorioz, eta hainbat eraikin eta zutoin elektriko eraitsi ditu eta zenbait errepide blokeatuta gelditu dira; izua zabaldu da Greziako irla handieneko biztanleen artean.
Atenasko Behatokiko Institutu Geodinamikoak jakitera eman duenez, dardara 09:17an (06:17 GMT) gertatu da, 10,4 kilometroko sakoneran.
Epizentroa irlan bertan izan da, kostaldeko Arvi herritik 24 kilometro ipar-mendebaldera, Atenastik 346 hego-ekialdera.
15 segundo iraun duen dardara Kretako hiriburuan ere sentitu da, Heraclionen; bertan, bizilagunak kalera atera dira errepliken beldur, bai eta Santorini irlan ere.
Lehenengo lurrikara gertatu denetik minutu gutxira sentitu da hamar errepliketako lehena, 3,7koa eta ondoren bigarrena, 4,5eko indarrekoa.
Ikastetxe eta eraikin publiko guztiak hustu eta itxi dituzte Heraclion eskualdean eta Gobernuak martxan ipini du lurrikarei erantzuteko larrialdi plana.