Mundua -

Atentatu suizida

Estatu Islamikoak meskita xiita bati eraso egin dio, eta dozenaka pertsona hil ditu Afganistanen

Estatu Islamikoak berak zehaztu duenez, terrorista suizida batek bere txalekoa zartarazi du otoitz kolektiboaren orduan, Sayed-Abadeko meskita baten barrualdean, Kunduzen.

Sayed-Abadeko meskita xiita, Kunduzen, erasoaren ostean. Argazkia: EFE
Sayed-Abadeko meskita xiita, Kunduzen, erasoaren ostean. Argazkia: EFE
Meskita xiita baten aurkako eraso suizida Afganistango iparraldean

0:46

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoak meskita xiita baten kontrako erasoa bere gain hartu du ostiral honetan. Atentatuak dozenaka hildako utzi ditu Afganistango iparraldean. Iturri batzuen arabera, 40 pertsona hil ditu erasoak, beste batzuek, ostera, gutxienez 80 hildako eta 100 bat zaurituren berri eman dute. Jihadisten bigarren eraso handia izan da, talibanek abuztuaren 15ean Kabulen kontrola bereganatu zutenetik.

Propaganda kanaletan, Internet bidez, zabaldutako agiri labur batean, suizida batek lehergai txaleko batekin egindako erasoak 300 biktima baino gehiago utzi dituela aldarrikatu du EIk.

Estatu Islamikoak berak zehaztu duenez, terrorista suizida batek bere txalekoa zartarazi du meskita barruan, "arnegatuen" artean. Islameko jarraitzaile xiitak "fede-ukatzaileak" direla dio erakunde armatuak.

Esan bezala, Talibanek abuztuaren 15ean Kabulen kontrola bereganatu zutenetik erasorik odoltsuenetarikoa izan da. EIk hiriburuko aireportuari eraso egin zion abuztuaren 26an, eta beste 170 pertsona inguru hil zituen.

Gaurko eraso suizida meskita baten barrualdean gertatu da, otoitz kolektiboaren orduan, Sayed-Abadeko zonaldean, Kunduzen.

Leherketaren osteko bideotan, odolez estalitako dozenaka gorpu ikus daitezke, gorputz-adarrak moztuta eta lur gainean, hondakinen eta oihuen artean.

Talibanek Estatu Islamikoaren aurkako operazioak abiatu dituzte

Abuztuaren 31n, Ameriketako Estatu Batuetako tropak Afganistanetik atera zirenetik, talibanek talde jihadistaren kontrako operazio masiboak aurrera eraman dituzte, erasoei aurre egiteko; izan ere, Gobernuarentzako mehatxu nagusia da.

Gutxienez lau probintziatan operazioak abiatu dituzte: Kabul, Kunar, Nangarhar eta Parwanen. Azken horretan, jihadistek presentzia handiagoa dute, eta talibanen aurkako zenbait eraso aldarrikatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Estatu Islamikoa Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak Asia Afganistan