Mundua -
Líbano
Zazpi lagun hil dituzte Beiruten izandako manifestazio batean
Epaile baten jarduera salatzeko atera ziren herritarrak kalera. Hiria lasai esnatu da ostiral honetan, baina dolu ofiziala ezarri dute herrialde osoan.
agentziak | eitb media
Ostegunean Beiruten, Libanoko hiriburuan, izandako protestetan gertatutako liskarretan gutxienez 7 pertsona hil eta 30 zauritu zituzten, Gurutze Gorriak jakinarazi duenez. 2020ko leherketak ikertzen ari den epailearen aurkako protestak ziren.
Georges Ketane Gurutze Gorriaren zuzendariak L'Orient le Jour egunkari libanoarrari azaldu dionez, zaurituetako batzuk egoera kritikoan daude, eta ez da baztertzen hildakoen kopuruak gora egitea datozen egunetan.
Istiluak manifestarien aurka egindako tiro batzuen ostean hasi ziren. Protestari gehienak Hezbolaren eta AMAL Mugimenduaren jarraitzaileak ziren, xiiak, Tarek Bitar epailearen aurka elkartuak. 2020an hirian izandako leherketa batzuk ikertzen ari da epailea, eta bere jarduna salatzeko atera ziren kalera, deklaratu zuten ministro ohi batzuek epailea kargugabetzeko eskatu ostean.
Tentsioaren gorakada horrek arriskuan jarri du osatu berri den Libanoko Gobernua (irailaren 20an eman zion Parlamentuak babesa), izan ere, Hezbolak, AMALek eta Marada Mugimenduak gobernuan ez dutela parte hartuko adierazi dute epailea postutik kendu ezean.
Hasan Nasrala Hezbolaren buruak gogor jo zuen Bitarren aurka astelehenean, eta jarrera "selektiboak" eta "politizatuak" edukitzea leporatu zion. Hala, "epaile garden eta zintzo bat" eskatu zuen, familiek ez dutelako "egia jakingo epaile honekin".
Nasralak ohartarazi zuen "hondamendia" gerta likteela Libanon "horrela jokatzen jarraituz gero". "Ikerketan gertatzen ari dena oso, oso, oso ,oso akats handia da, eta ez dugu onartuko gaiak horrela jarraitzea datozen egunetan", adierazi zuen.
Herritarren ezinegona areagotu egin zen azken hilabeteetan ikerketen blokeoagatik eta ministro eta parlamentari ohiei immunitatea kentzeko izan diren atzerapenengatik.
Egoera horren ondorioz liskarrak izan ziren atzoko manifestazioan, eta koheteekin jaurtitako granadak erori ziren, eta obus bat ere jaurti zuten militarrez bete zen inguru horretan.
Oraindik ez dute argitu zein izan zen manifestarien aurka tiro egiten hasi zena, baina gutxienez 10 dira atxilotutakoak. Hezbolak eta AMALek Libanoko Indarren aurka jo dute zuzenean, nahiz eta horiek, kristauek, uko egin dioten akusazioari.
Gaurkoan lasaitasuna da nagusi, baina dolu eguna ezarri dute herrialde osoan, eta denda guztiak daude itxita. Gainera, litekeena da gaur bertan egitea hileta-elizkizunak.
Bestalde, Errusia eta Irango gobernuek ere eman dute iritzia, AEBk, Frantziak eta NBEk egoerak okerrera egin ez dezan lasaitasuna eskatu eta gero.
"Politikari libanoar guztiei lasaitasuna eta zuhurtzia eskatzen diegu, itzul daitezela lan eraikitzailera agenda nazionaleko arazoak konpontzeko, errespetuan eta elkar ulertzean oinarrituta, kanpoko eskuhartzerik gabe", adierazi du Errusiako Atzerri Ministerioak.
Bestalde, Said Jatibzade Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak gaitzetsi egin ditu gertakariak, eta azpimarratu du Libanok, "beti bezala", atzean utziko dituela "sionistek babestutako zatiketa eta konspirazioak".