Mundua -

g20aren goi-bilera

Berotze globalaren muga 1,5 gradutan ezartzea adostu du G20ak

Joan den uztailean G20ko Energia eta Ingurumen arduradunen bilerako negoziazioen porrotaren ostean, garaipen historikotzat hartu dute erabakia bertan bildutakoek.

G20ko agintariak, bileraren bigarren egunean. Argazkia: EFE
G20ko agintariak, bileraren bigarren egunean. Argazkia: EFE
G20aren bilera hasi da Erroman

1:26

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G20ko agintariek amaiera eman diote Erromako goi-bilerari, eta adierazpena egin dute klima-aldaketaren aurkako borrokan "giltzarri" den multilateralismoaren alde. Gainera, ondorioen artean suspertze ekonomikoa eta pandemiaren aurkako mundu-mailako txertaketaren bermea aipatu dituzte. Dena den, ez dute proposamen zehatzik eman topaketaren helburu nagusiari dagokionez; alegia, berotze globala 1,5 gradura mugatzea, industriaurreko mailaren gainetik.

Mario Draghi Italiako lehen ministro eta ekitaldiaren anfitrioiak egin du bileraren itxiera. "Arrakasta" izan dela dio, baina ekintzak eskatu ditu: "egiten dugunagatik epaituko gaituzte, ez sinatzen dugunagatik".

Berotze globalaren gehienezko mugari buruzko akordioa itxi du gaur G20ak, muga hori 1,5 gradutan ezarrita. Joan den uztailean G20ko Energia eta Ingurumen arduradunen bilerako negoziazioen porrotaren ostean, garaipen historikotzat hartu dute erabakia bertan bildutakoek.

Azken adierazpenari buruzko txostenak dionez, "1,5 ºC horiek mantentzeko ekintza esanguratsu eta eraginkorrak beharko ditugu, baita herrialde guztien konpromisoa ere, ikuspuntu desberdinak kontuan hartuta". Hala, helburu hori eta beste batzuk lortzea herrialde bakoitzaren esku geratuko da, bakoitzaren "egoera" eta baldintzen arabera.

Agintariek konpromisoa berretsi dute "Parisko Itunaren erabateko ezarpen" eraginkor batekiko. Horretarako, "arintze, adaptazio eta finantza" akzioei ekingo diete, baina ardura desberdinen eta bakoitzaren ahalmenaren arabera egingo dute hori.

Gainera, adierazi dute ahalegina egingo dutela karbono-neutraltasuna lortzeko. Hau da, xurgapen-prozesu desberdinen bitartez baztertzen den CO2 kantitate berdina isurtzea litzateke helburua, "mende erdialderako" epean.

Azpimarratu duten ideietako bat da "konponbide partekatu eta eraginkorrak aurkitzeko multilateralismoak duen funtsezko papera". Hori dela eta, adostu dute pandemiarekiko erantzun komuna "are gehiago" indartzea eta mundu-mailako suspertzerako bidea irekitzea, "zaurgarrienen beharrei arreta eskainiz".

Akordioak ebatzi duenez, herrialde aberatsek babes ekonomikoa eman beharko diete nazio pobreei, klima-aldaketari aurre egiteko eta horren ondorioetara egokitzeko. Zentzu horretan, urtero 100.000 milioi dolar erreserba horretara bideratzeko konpromisoa hartu dute.

Era berean, G20ko herrialdeek mundu-mailan txertoen ekoizpena eta banaketa azkar eta bidezkoa bermatzeko neurriak hartuko dituzte. Ez dute aldaketarik aipatu, farmakoen patenteei dagokienez.

G20tik pandemien aurreko erantzun azkarraren garrantzia nabarmendu dute eta, hortaz, zientziari babesa emango diote "txertoen, terapien eta diagnosien garapen-prozesua laburtzeko; mehatxuak identifikatu eta 100-300 egunera eskuragai egon daitezen, era seguru eta eraginkorrean".

Gutxieneko zerga globala, betetako lehen helburua

Ezarritako helburuetako bat, lehenengoa, bete zuten larunbatean G20ko agintariek Erroman, negoziaketa askoren ostean. Hain zuzen, gutxieneko zerga globala ezarriko diete enpresa multinazionalei, nazioarteko zerga-sistema orekatzeko.

Italiako presidentetzatik azaldu zutenez, zerga berri honen helburua da arau fiskal "justuak, modernoak eta eraginkorrak" bermatzea, "inbertsioak eta hazkundea sustatzeko gako direnak".

Zergei buruzko ituna

Ursula Von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak eta Joe Biden AEBko presidenteak altzairuaren eta aluminioaren zergak kentzea adostu izana ospatu dute. Diotenez, "aurrerapauso handia da aldebiko harremanetarako", eta baita "klima-aldaketaren aurkako borrokarako" ere.

Europa eta AEBren arteko harreman komertziala okertu egin zen Donald Trump estatubatuar presidente ohiaren agintaldian zehar, bereziki altzairu-inportazioei ezarritako % 25eko zergak eta aluminioari ezarritako % 10ekoak zirela eta. Orain, agintariek "lankidetza transatlantikoko aro berria" iragarri dute.

COP26 arrakastatsu baterako G20aren inplikazioa

NBEko Klima Aldaketarako idazkari betearazle den Patricia Espinosa mexikarrak COP26 bileraren hasieran adierazi duenez, horren arrakasta "erabat gertagarria" da, baina anbizio gehiago behar du, G20ko herrialdeena bereziki. Izan ere, azken horiek dira "mundu-mailako isurketen % 80aren arduradun".

Espinosak gaineratu du "historiaren oinarrizko une" batean gaudela, eta "gizateria hautu argi eta irmoei" aurre egiten ari zaiela.

Askotariko adierazpenak

Vladimir Putin Errusiako presidenteak bideokonferentzia bidez adierazi du berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea ez dela nahikoa klima-aldaketari aurre egiteko, eta horien xurgapena areagotzea ezinbestekoa dela.

"Berotegi-efektuko gasen xurgapena areagotu behar dugu eta Errusiak, beste hainbat herrialdek bezala, aukera handiak ditu" basoen, tundraren, nekazaritza-lurren, itsasoaren eta urtegien xurgapen-ahalmena aprobetxatzeko.

Era berean, azaldu du Errusiak baso-kudeaketaren kalitatea hobetzeko asmoa duela; oihaneztapen-guneak areagotzeko, babes naturaleko eremuak hedatzeko eta nekazaritza-teknologia berriak sartzeko.

Bere aldetik, Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidenteak klima-aldaketaren aurkako finantziazio-helburuak betetzera premiatu ditu agintariak. Horiek betetzeko, herrialde garatuek 100.000 milioi euro ipini beharko dituzte urtero, 2025era arte.

Ildo beretik, Xi Jiping Txinako presidenteak herrialde garatuenak presatu ditu klima-aldaketa gaietan "euren konpromisoak bete" ditzaten, eta garapen bidean dauden herrialdeei "finantza-babesa" eman diezaieten. Halaber, Parisko Ituna ezartzeko eskatu du, "ardura komun baina desberdinduen oinarri pean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa munduan Munduko azken orduko albisteak Gaurko titularrak Albisteak Italiako albisteak Erroma gaur