Itxi

Mundua

FRANTZIA

Macronek hauteskundeetara aurkeztuko dela iradoki du, baina ez du ofizialki bere hautagaitza iragarri

AGENTZIAK | EITB Media

Telebistan eskaini duen elkarrizketa batean, oraindik amaitu ez duen agintaldiaren balantzea egin du. Hamar urterako ikuspegia duela esan du, herrialde bat bost urttan eraldatzen ez dela iritzita.

  • Emmanuel Macron Frantziako presidentea

    Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

Emmanuel Macron Frantziako estatuburuak 2022ko presidenterako hauteskundeetara aurkeztuko dela iradoki du, baina ez du ofizialki hautagai izango dela iragarri. Atzo telebista kate batean eskainitako elkarrizketan, bere agintaldiaren balantzea egin du oraindik lau hilabete falta zaizkionean hori bukatzeko.

TF1 telebista kateari bart eskaini dion bi ordu inguruko elkarrizketan, ez du argitu presidente izateko berriro aurkeztuko den ala ez. Gogotsu dagoela onartu arren, koronabirusaren bosgarren olatu betean herrialdeko presidente gisa duen erantzukizuna bere gain hartu behar duela azpimarratu du. "Galdera bada ea datorren urteko apirilaz harago anbiziorik dudan, bai, noski", gaineratu du.

Aurrez esana zuen bere agintaldiaren "azken ordu-laurdenera arte" gobernatuko zuela, baina "herrialde bat ez da bost urtean eraldatzen" eta berea "hamar urterako" ikuspegia dela erantsi du.

Agintaldiaren errepasoan, Macronek aitortu du "txaleko horien" krisia garai "oso gogorra" izan zela; izan ere, garai hartan "batzuentzat indarkeria zilegi bihurtu zen".

Pentsioen erreformaz galdetuta, "ezinbestekoa" dela nabarmendu du. Koronabirusagatik atzeratu bada ere, etorkizunean erreforma egingo dela ohartarazi du. Hasierako asmoa egun Frantzian indarrean dauden 42 erregimen bereziak bakarrean fusionatzea bazen ere, orain hiru edo lau aipatu ditu. Halaber, iragarri du frantsesek urte gehiago eman beharko dituztela lanean eta erretiro adina atzeratu egingo dela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena