Itxi

2022/01/07

19:43

Mundua

protestak

Kazakhstango krisiak ekialde-mendebalde blokeak utzi ditu berriro agerian

agentziak | eitb media

Europar Batasunak eta NATOk herritarren segurtasunean jarri dute azpimarra; baina Errusiak, Txinak eta Bielorrusiak Astanako Gobernua defendatu dute segurtasunaren izenean.

  • Von der Leyen eta Macron, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

    Von der Leyen eta Macron, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ursula Von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak eta Emmanuel Macron Frantziako estatuburuak dei bateratua egin dute ostiral honetan, Kazakhstanen izaten ari den indarkeria amaitzeko, eta adierazi dute prest daudela euren laguntza eskaintzeko. Europar Batasunean Frantziaren presidentetza berria dela eta eskainitako prentsaurrekoan eman dituzte adierazpenok.

Von der Leyenek adierazi duenez, "herritarren eskubideak eta segurtasuna oinarrizkoak dira eta bermatu behar dira". Hori dela eta, "indarkeria eteteko" deia egin du, eta azpimarratu du Europar Batasuna "laguntzeko prest" dagoela.

Macronek ildo beretik hitz egin du, eta azaldu du "kezkatuta" eta "erne" daudela. Gaineratu du mobilizatzeko prest daudela, "testuinguru erabat berri honetan aktibo izateko".

NATO eta EB

Javier Colomina NATOren Hego Kaukaso eta Asia Erdiguneko ordezkari berezia oso kezkatuta agertu da gertakariengatik, eta lasaitasunerako eta elkarrizketarako deia egin du, giza eskubideak bete daitezen.

Bien bitartean, Josep Borrell Europar Batasunaren Atzerri Politikarako Europar Batasuneko Goi Ordezkariak krisia arintzeko babesa helarazi dio Kazakhstango Gobernuari, zibilen "segurtasuna" errespetatzeko deiarekin batera.

Errusia, Bielorrusia eta Txina

Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak telefonoz hitz egin du Kasim Jomart Tokayev Kazakhstango presidentearekin, Armeniako, Bielorrusiako eta Kirgizistango buruzagiekin egin duen moduan, gatazkaren inguruan hitz egiteko.

Kremlinek ohar batean azaldu duenez, Putinek Alexander Lukashenko Bielorrusiako presidentearekin, Nikol Pashinian Armeniakoarekin eta Sadir Japarov Kirgizistango estatuburuarekin hitz egin du.

Dimitri Peskov Kremlinen bozeramaileak adierazi du Segurtasun Kolektiborako Tratatuaren Erakundeak (NATOren parekoa baina errepublika sobietar ohiekin) 250 soldadu inguru zabaldu dituela Kazakhstanen, eta horregatik jarri direla harremanetan.

"Kazakhstango egoera aztertu zuten agintariek, nazioarteko terrorismoari aurre egiteko, ordena publikoa zaintzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko Segurtasun Kolektiborako Tratatuaren Erakundeak dituen konpromisoen baitan", azaldu du.

Lukashenkoren ustez "kezkagarria" da Kazakhstango mobilizazio oldea, eta militar bielorrusiarrak bidali izana defendatu du, helburu bakarra "bakea berrezartzea" delako, ustez Mendebaldeak sustatutako krisiaren aurrean.

Txinako Gobernuak albo batean utzi du Kazakhstango krisi sozial eta politikoaren aurrean hasieran erakutsi zuen zuhurtzia, eta argi eta garbi agertu da Tokayev presidentearen alde, bai manifestarien aurkako errepresioan, bai inguruko herrialdeen inplikazio militarrari dagokionez.

Xiren susmoa da gasaren garestitzeagatik piztutako mobilizazioen atzean kanpoko eragileak daudela, ezegonkortasuna areagotu nahi dutenak.

Horregatik, Txinak babesa eman die Kazakhstango agintariei "kaosa lehenbailehen amaitzeko", adierazi du Wang Wenbin Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak.

Gobernuz Kanpoko Erakundeak

Hugh Williamson Human Rights Watcheko (HRW) ordezkariak Twitterren ohartarazi du Tokayeven aginduak "heriotza gehiago egoteko arriskua nabarmen handitzen" duela, eta Poliziak eta Armadak indar hiltzailea saihestu beharko luketela Gobernuaren aurkako protestak gelditzeko.

Asia Erdigunerako Amnistia Internazionalaren zuzendariak, Marie Struthersek, berretsi du segurtasun indarrek abisu "argia" eman behar dutela tiro egin aurretik, eta salbuespen bakarra beste bizitza batzuk arriskuan daudenean gertatzen dela. Bestela, "pertsona errugabeak hiltzeko edo larri zauritzeko arriskua handitzen da".

Protestak Kazakshtanen

Bere aldetik, Kasim-Yomart Tokáyev Kazakshtango presidentea nazioari zuzendu zaio eta, baietsi duenez, manifestarien aurka "hiltzeko asmoz tiro egiteko" agindua eman zien poliziei, horien aurkako erresistentzia azaltzen bazuten.

Urtarrilaren 2an piztu ziren protestak gas likidotuaren prezioen igoeraren aurka, hori baita herrialdean erabiltzen duten erregai nagusia, eta istiluak eragin zituzten asteartean eta asteazkenean, egoitza administratiboen hartzea eta bandalismo ekintza larriak ekarri zituztelarik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;