Mundua -

ERASOAK Kazakhstanen

Herrialdea krisitik ateratzea Gobernuaren betebeharra dela dio Kazakhstango lehen ministro berriak

Bestalde, Amnistia Internazionalak protesta masiboen berri emateagatik eta istiluetan hildako zibilen kopurua argitzeagatik modu arbitrarioan atxilotutako kazetariak eta ekintzaileak aske uzteko dei egin die herrialdeko agintariei.

Alijan Smailov Kazakhstango lehen ministroa. Argazkia: EFE
Alijan Smailov Kazakhstango lehen ministroa.
Alijan Smailov Kazakhstango lehen ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alijan Smailov Kazakhstango lehen ministroak asteazken honetan adierazi duenez, orain herrialdea krisitik ateratzea da Gobernuaren betebeharra. "Estatuburuak (Tokayev) une zail honetan jarri duen konfiantza osoa justifikatu behar dugu", esan du lehen ministro berriak Kabinete berriaren lehen bileran.

Kazakhstango legegileak aho batez onartu zuen atzo 49 urteko Smaílov herrialdeko lehen ministro izendatzea, Tokayevek proposatu zuen bezala.

Azken horrek atzo iragarri zuenez, nazioarteko tropak erretiratu eta herritarren nahigabea baretzeko neurri sozialak hartuko dituzte: herritarren bizi-maila eta -kalitatea hobetzea, hazkunde ekonomikoa babestea, koronabirusaren pandemiari aurre egitea, azken astean terroristek eragindako kalte handia konpontzea eta herrialdea krisitik ateratzea.

Atxilotuak askatzeko eskatu dio AIk Kazakhstani

Bestalde, protesta masiboen berri emateagatik eta istiluetan hildako zibilen kopurua argitzeagatik modu arbitrarioan atxilotutako kazetariak eta ekintzaileak aske uzteko dei egin die Amnistia Internazionalak (AI) agintariei.

Era berean, deliturik egin ez duten eta Kazakhstango bilera masiboei buruzko legedia hausteagatik soilik atxilotu zituzten pertsona guztiak ere berehala askatzeko eskatu du.

"Agintariek istiluetako biktimen kopuruari buruz eta haien heriotzen inguruabarrei buruz duten isiltasuna izugarria da. Biktimei buruzko informazioa berehala eman behar da", gaineratu du Marie Struthers Asia ekialde eta erdialdeko AIren zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Errusia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak gaur Asia