Mundua -
Europako Parlamentua
Abortua Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean sartzea proposatu du Macronek
Macron izango da Europako Kontseiluko presidentea datozen sei hilabeteetan eta bere agintaldian gauzatu nahi dituen ekimenen berri eman du Europako Parlamentuan egin duen agerraldian.
Agentziak | EITB MEDIA
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Oinarrizko Eskubideen Europako Gutuna erreformatzea proposatu du, besteak beste, abortatzeko eskubidea bertan sartzeko.
Macron izango da Europako Kontseiluko presidentea datozen sei hilabeteetan eta bere agintaldian gauzatu nahi dituen ekimenen berri eman du Europako Parlamentuan egin duen agerraldian.
Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna 2000. urtean onartu zuten eta herritarren eskubide indibidualak, zibilak, sozialak eta ekonomikoak biltzen ditu.
"Ituna eguneratzea gustatuko litzaidake, ingurumenaren babesa eta abortatzeko eskubidea hobeto aitortzeko", adierazi du bere hitzartzean.
Macronek uste du demokrazia eraberritu egin behar dela eta horretarako ezinbestekotzat jo du Oinarrizko Eskubideen Gutuna eguneratzea.
Bestalde, Europar Batasuneko herrialdeek egonkortasun eta segurtasun akordio berri bat lantzea proposatu du, ondoren Errusiarekin eztabaidatu ahal izateko.
Halaber, Europako segurtasun ordenaren eta bere printzipio demokratikoen defentsan bere ahotsa entzunarazteko eskatu dio Europar Batasunari, baita Errusia bezalako potentzia autoritarioek ordezkatzen duten "borroka ideologikoa" borrokatzeko ere.
Ukrainako mugan tentsio handia den bitartean, Errusiak dozenaka mila soldadu bildu dituen honetan, Frantziako presidenteak Moskurekin elkarrizketa "handia eta zorrotza" izatea defendatu du, krisiari irtenbide politikoa emateko, baina ez du zalantzarik izan Errusiako "desegonkortze, manipulazio eta esku-sartze" maniobrak kritikatzeko.
Ildo horretan, Europak segurtasun ordenaren printzipioak defendatzeko eta "urraketak zigortzeko" eskatu du. "Subiranotasuna Europaren proiektuaren bihotzean dagoen askatasuna da, eta kontinenteko ezegonkortasunari emandako erantzuna da", azpimarratu du, Kieveko lurralde-osotasunari babesa emateko mezu batean.
Europako Parlamentuaren Osoko Bilkuraren aurrean, EBko sei hilean behingo presidentetzaren hasierako hitzaldian, Macronek esan du Europak "bere ahotsa entzunarazi" behar duela armen kontrola, gardentasun militarra eta herrialdeen subiranotasunarekiko errespetua babesteko, horiek guztiak Errusiarekiko elkarrizketa-mahaiaren gainean baitaude.
"Datozen asteetan egonkortasun ordena berri bat eraikitzeko Europako proposamen bat emango dugu, europarren artean lan egin behar dugu, NATOren esparruan aliatuekin partekatu eta gero Errusiarekin negoziazioan proposatu", esan du.