Mundua -
AEB
Bidenek uste du Errusia Ukrainan indarrez sar litekeela
Ukrainan alarma piztu dute AEBko presidentearen adierazpenek. Iturri ofizial batek esan duenez, "badirudi Putini Ukraina hartzeko baimena ematen ari dela, betiere, eraso larria ez bada".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joe Biden AEBko presidenteak asteazkenean onartu zuen akatsen batzuk egin dituela legealdiaren lehenengo urtean, eta Errusiak Ukraina indarrez hartzeko aukera dagoela aurreikusi du.
Ia bi orduko prentsaurrekoan, Bidenek bere agintaldiaren balantzea egin zuen atzo, pandemia, ekonomia, inflazioa, gastu sozialari buruzko lege-proiektuak eta boto-eskubidea hizpide hartuta. Halaber, Latinoamerikarekin, Errusiarekin, Txinarekin, Iranekin eta Yemenekin dituen harremanez hitz egin zuen.
"Erronkaz betetako urtea izan da, baina aurrerapauso asko eman ditugu", ziurtatu zuen Bidenek. Hain zuzen ere, gaur, osteguna, beteko du urtebete boterean.
Nazioartera begira, Bidenek aurreikusi du Errusiak Ukraina indarrez hartzeko arriskua dagoela. Horregatik, "tentsioak baretze aldera", Vladimir Putinekin berriro elkartzeko aukera jarri du mahai gainean.
"Putinek jakin badaki Ukrainan sartuz gero zigor larriak izan ditzakeela", esan zuen. Dena den, neurri handiko inbasioa ez bada, erantzuna hain gogorra izango ez dela iradoki zuen, eta berba horiek nahasmendua sortu dute ukrainarren artean.
Herrialde horretako iturri ofizial batek adierazi duenez, "badirudi Putini Ukraina hartzeko baimena ematen ari dela, betiere, eraso larria ez bada".
Lehenengo urteko akatsak
Bidenek ukatu egin zuen hauteskunde-kanpainan "gehiegi agindu" izana. "Bizi dugun egoera kontuan izanda, pentsatu baino hobeto egin ditut gauzak", nabarmendu zuen, "nahiz eta egia den pandemiak frustrazioa eta nekea eragin dituela".
Bestalde, onartu zuenez, "test gehiago egin behar genituen, lehenago, batez ere, omikron aldaerak AEBn goia jo zuenean". "Garrantzitsuena da antigeno proba gehiago daudela eskuragai", erantsi zuen.