Mundua -

ERRUSIA-UKRAINA

Ukrainaren aurkako balizko eraso baten inguruko espekulazioekin amaitzeko eskatu du Errusiako Gobernuak

Errusiak Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari erantzun dio. Joe Biden presidenteak ziurtzat jo du Errusia indarrez Ukrainan sartuko dela.

Errusiako tropak Ukrainako mugatik gertu. Argazkia: EFE
Errusiako tropak Ukrainako mugatik gertu
Errusiako tropak Ukrainako mugatik gertu. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusia eta Ukrainaren arteko tentsioa baretzetik urrun dago, eta azken orduetan Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak egindako adierazpenek sua hauspotu dute. Joe Biden presidenteak ziurtzat jo du Errusia indarrez Ukrainan sartuko dela. Dena den, neurri handiko inbasioa ez bada, erantzuna hain gogorra izango ez dela iradoki du, eta horrek nahasmendua eragin du ukrainarren artean. Errusiako Gobernuak Joe Bideni erantzun dio eta Ukrainaren aurkako balizko eraso baten inguruko espekulazioekin amaitzeko eskatu du.

"Kanpaina honen helburua da informazioa tapatzea eta probokatzea, eskualdeko eta mundu mailako segurtasunean ondorio tragikoak izan ditzaketenak, militarrak barne", adierazi du Maria Zajarova Errusiako diplomaziaren bozeramaileak asteroko prentsaurrekoan.

"Duela egun batzuetatik hona Erresuma Batua armamentua bidaltzen ari da hegazkinetan Ukrainara. Gutxienez, sei hegaldi egin dira, eta hegazkin bakoitzak 77,5 tona karga eraman ditzake, hots, 460 tona arma guztira", esan du.

Gaineratu duenez, azken hilabeteetan soilik AEBk 30 Javelin sistema eta horietarako 180 misil bidali dituzte Ukrainara, eta, prentsaren arabera, Ukrainako Gobernuari laster 30 milioi dolarreko balioa duten armak bidaliko dizkio.

"Donbass eskualdean operazio militar bat abiatzeko gutun zuri bat bezala ikusten dute Ukrainan", azpimarratu du Zajarovak.

Amaitzeko, Errusiaren kontrako informazio kanpainarekin amaitzeko eskatu dio diplomaziaburuak. Horren ordez, Ukrainari Minskeko Akordioak betetzeko eska diezaiola galdegin dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa