Mundua -
Sexu-abusuak Elizan
Alemaniako Elizan izandako sexu-abusuen aurrean ezer egin ez izana egotzi diote Benedikto XVI.ari
Abokatu talde batek egindako ikerketaren arabera, 497 adingabek sexu-abusuak jasan zituzten eta erasotzaileak 173 apaiz izan ziren. Joseph Ratzingerrek gutxienez lau kasuren berri bazuela baina ezkutatu egin zituela salatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Benedikto XVI.a aita santu emerituak Alemaniako Eliza katolikoaren baitan gazteei eta adin txikikoei egindako sexu-gehiegikerien berri bazuela eta horietako batzuk gelditzeko aukera izan arren ez zuela ezer egin erakutsi du ostegun honetan publikatutako ikerketa batek.
Ikerketa Municheko Artzapezpikutzak agindu zuen eta hiri horretako abokatu talde batek egin du. Dokumentuak 1.700 orrialde baino gehiago ditu, eta 1945 eta 2019. urteen artean izandako sexu-abusuak biltzen ditu.
Joseph Ratzinger Munich eta Freising hirietako artzapezpikua izan zen 1977 eta 1982 bitartean, eta, gutxienez lau kasu ezagutu zituela baina erasoak amaitzeko ez zuela ezer egin ebatzi dute.
Dokumentuan, ehunka kasu aipatzen dira, eta egoerak eskatzen zituen neurriak hartu ez izana eta hainbat kasu ezkutatzen saiatu izana leporatzen zaie Elizako arduradunei.
Zehazki, 497 biktima eta 235 erasotzaile identifikatu dituzte, 173 apaiz tartean, baina asko gehiago izan daitezkeela ohartarazi dute.
Horrez gain, ikertzaileek salatu dute apaiz horietako askok beren eginkizunekin normaltasunez jarraitu zutela, arduradunek sexu-abusuak egin zituztela jakin arren.
Benedikto XVI.ak dio "lotsa" sentitzen duela
Ikerketa publiko egin eta ordu batzuetara, Benedikto XVI.ak agiri bat kaleratu du Elizaren baitan izandako sexu-abusuengatik "lotsa" sentitzen duela adieraziz eta txostena datozen egunetan aztertuko duela aginduz.
Halaber, sexu-gehiegikeriak jasan dituzten pertsonei begirunea erakutsi die eta haien alde otoi egiten duela ziurtatu du.
Aita santu emerituak 94 urte ditu, eta Vatikanoaren Mater Ecclesiae monasterioan bizi da, erretiroa hartuta, pontifize kargua 2013an utzi zuenetik.
Bestalde, Vatikanoak ere mezu bat zabaldu du Elizan eman diren sexu-abusuengatik "samina eta lotsa" sentitzen dituela esanez eta Munichen egindako ikerketaren txostena datozen egunetan zorrotz aztertuko dutela aginduz.
Halaber, biktima guztiei bere babesa helarazi die eta adin txikikoak babesteko deia egin du.