Mundua -
Estatu-kolpea Afrikan
Militarrek boterea bereganatu eta Gobernua eta Parlamentua desegin dituzte Burkina Fason
Roch Kabore presidentearen botereari amaiera eman diotela iragarri dute kolpistek. Kaborek 2015etik zuzendu du Afrikako herrialdea.
Agentziak | EiTB Media
Igandean, Burkina Fason, Estatu-kolpea abiatu zuten militarrek boterea bereganatu dutela iragarri dute gaur bertako telebistan. Era berean, Gobernua eta Parlamentua desegin dituztela erantsi dute.
Sidsore Kader Ouedraogo kapitain bozeramaileak bi agiri irakurri ditu agerraldian. Roch Kabore presidentearen botereari amaiera eman diotela iragarri dute kolpistek. Kaborek 2015etik zuzendu du Afrikako herrialdea.
Ordu batzuk lehenago, "armak uzteko" eskatu die Kaborek kolpistei. Bertako komunikabideek jakitera eman dutenez, Armadak presidentea atxilotu du, baina agintaria non aurkitzen den oraingoz ez dago batere argi.
Uagadugu hiriburuaren inguruan matxinadak izan dira zenbait basetan, eta presidentearen familiak herrialdetik alde egin du. Gilbert Diendere jenerala, Blaise Compaore presidente ohiaren kabineteko buruzagi ohia, askatu dute matxinadetan. Diendere 2015ean Estatu-kolpe saiakeragatik zigortu zuten. Era berean, 80ko hamarkadan Thomas Sankara presidente ohi eta ikur iraultzailearen hilketagatik auzipetu zuten.
Gobernuak etxeratzeko agindua ezarri zuen igandean. Bitartean, kolpistek boterea bereganatzeko asmorik ez zutela ziurtatu zuten. Inteligentzia Agentzia Nazionaleko buruzagiak berehala kargutik kentzea eta baliabide gehiago nahi zituztela erantsi zuten, jihadismoari aurre egiteko.
Agintariek zortzi soldadu, tartean komandante bat, atxilotu eta ia bi aste geroago matxinada gertatu da. Herrialdeko erakundeak "desegonkortzeko" konplota leporatu zieten. Era berean, iragan astean Facebookeko sarbidea bertan behera utzi zuten horretarako arrazoirik zehaztu gabe.
Lassina Zerbo Burkina Fasoko lehen ministroak herrialdearen segurtasun egoera "kezkagarria" onartu zuen urtarrila hasieran. Bakea eta segurtasuna bermatzeko "adiskidetze nazionala" ardatza izatea aldarrikatu zuen buruzagiak. Dagoeneko ezegonkortasunak 1,5 milioi desplazatu utzi ditu herrialdean 2015etik.
2015etik, oro har, erasoen gorakada esanguratsua izan du Burkina Fasok. Al Kaida zein Estatu Islamikoaren filialek egin dituzte eskualdean.
Burkina Fason, 2021eko apirilean, David Beriain eta Roberto Fraile kazetariak hil zituzten.