Mundua -

Elkarrizketa

Javier Solana: "Errusiak ez du nahi gainerako herrialdeek Ukrainarekin akordio ekonomikorik egitea"

Radio Euskadiko 'Ganbara' saioan eskainitako elkarrizketan, Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohiak adierazi du Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka ez dela soilik segurtasun arazo bat eta jatorria 2014an duela.

Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohia Radio Euskadiko estudioan.
Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohia Radio Euskadiko estudioan.
Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohia Radio Euskadiko estudioan.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohiak (1995-1999) eta Europar Batasuneko Atzerri Politikako eta Segurtasuneko goi ordezkari izandakoak adierazi du Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka "segurtasun arazo bat baino gehiago" dela eta 2014an sortu zela, Europar Batasuna Ukrainarekin itun ekonomikoa egiten saiatu zenean.

INFORMAZIO GEHIAGO: Zer ari da gertatzen Ukrainan?

"Urte askotan izan dira Ukrainarekin arazoak. 2004an, hauteskundeak errepikatzeko akordio bat egin behar izan genuen, eta 2014an beste kaos bat piztu zen. Egungo arazoa 2014tik dator. Europar Batasunak Ukrainarekin akordio ekonomikoa egiten saiatu zenean piztu zen. Errusiak ez du nahi gainerako herrialdeek Ukrainarekin akordio ekonomikorik egitea", azaldu du Ekonomia Globala eta Geopolitika Zentroko (ESADE) presidenteak  Radio Euskadiko 'Ganbara' saioan egindako elkarrizketa batean.

Halaber, gogora ekarri du iraganean Ukrainak arma nuklearrak izan zituela, baina Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) desegin zenean, Errusiari eman zizkiola. Horregatik, "paradoxa" da, horren iritzitan, orain Errusiak Ukraina ez aitortzea.

Solanaren iritzian, gatazka konpontzeko Minskeko akordioan jasotako oinarriak hartu beharko lirateke kontuan, "baina Errusiak, Ukrainak, Alemaniak eta Frantziak sinatu zuten itunak ez du funtzionatu eta formatu berri bat topatu beharko da".

Horrez gain, ohartarazi du Ukrainak dituen arazo ekonomikoak "Europar Batasunak soilik" konpon ditzakeela. Hortaz, ezinbestekotzat jo du EBk esku-hartze militar bat saihesteko negoziazioetan parte hartzea.  

AEBk Errusiari jar liezazkiokeen balizko zigorrak direla eta Solanak esan duenez, "munduan herrialde asko daude zigortuta, baina zigorrak eragina izan dezan eta herrialde batentzat benetako zigorra izan dadin, oso diseinatu behar dira".  

Txinaren jarrerari dagokionez, Solanak adierazi du Errusiaren alde egin duela, "etorkizunean Taiwanekin gerta daitekeenarekin kezkatuta dagoelako". "Europar Batasunarentzat Taiwan Txinaren zati bat da, baina estatu independentea izan behar duela uste duenik ere badago", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra