Mundua -

erresuma batua

Johnsonen gobernuko lau goi-kargudunek eman dute dimisioa egun bakarrean

Downing Streeten antolatutako festek eta oposizioari gelditasuna egotzita egindako salaketa batzuek eragin dituzte alde egiteak.

Boris Johnson, lehen ministro britainiarra. Artxiboko argazkia: EFE
Boris Johnson, lehen ministro britainiarra. Artxiboko argazkia: EFE
Boris Johnson, lehen ministro britainiarra. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson Erresuma Batuko Gobernuko lehen ministroaren lau goi-kargudunek dimisioa eman dute ostegun honetan, Gobernuko bozeramaile batek jakitera eman duenez.

Bozeramaile horren esanetan, Dan Rosenfield pertsonalburuak, Martin Reynolds Johnsonen idazkari pribatuak, Jack Doyle Gobernuko Komunikazio zuzendariak eta Munira Mirza departamentu politikoko buruak utziko dituzte karguak.

Lehen ministroak "onartu" egin ditu dimisioak, iturri horren arabera, eta ordezkoak aurkitu arte karguan jarraituko dutela gaineratu du.

Azken asteotan zabaldu denez, Rosenfield eta Reynolds, dimisioa iragartzen azkenak, Downing Streeten pandemiari aurre egiteko ezarritako murrizketak urratuz antolatutako festetan inplikatuta zeuden. Horietako hamabi ikertzen ari da Polizia orain.

Dirudienez, Reynoldsek ehun bat pertsona gonbidatu zituen festa batera 2020ko maiatzaren 20an, eta alkohola eramateko gonbita egin zien, "eguraldi ona aprobetxatzeko". Johnsonek onartu egin du ekitaldian egon zela, baina "laneko kontua" zela uste zuela gaineratu du.

Lider kontserbadorearen lankide horien dimisioei gaur iragarritako beste bienak batu zaizkie, Doyle eta Mirzarenak, hain zuzen.

Doyleren kargu-uztearen albistea The Daily Mail egunkarian (bertan lanean aritutakoa da) eman zuten, eta adierazi du haren dimisioa ez dagoela Mirzarenarekin lotuta, askoz ere mingarriagoa eta politikoki esanguratsuagoa baita azken hori lehen ministroarentzat.

Egunkariaren arabera, festen eskandaluan ere nahasita dagoen Doylek lankideei azaldu dienez, beti izan du Gobernuan "bi urtez bakarrik" lan egiteko asmoa, eta azken asteotako kritikek bere familia-bizitzan "ondorioak" izan dituztela aitortu du.

Mirzari dagokionez, Londresko alkate zenetik izan da liderraren alboan, eta horrek Keir Stamer oposizioko liderrari oinarririk gabe egindako salaketengatik egin dio uko bere karguari. Fiskaltzako zuzendaria zen orduan, eta Johnsonek gelditasuna leporatu zion, Jimmy Savile hildako aurkezlearen sexu-abusuen kasu entzutetsuan.

Dimisio-gutunean aholkulariak azaldu dionez, "okertu egin zen iradoki zuenean Starmer izan zela Jimmy Savile justiziatik ihes egiten uztearen arduradun zuzena", eta deitoratu du atzera egin ez izana eta, berak aholkatu bezala, barkamenik eskatu ez izana. Johnsonen aholkulari hurbilenetako bat zen.

Horiek gorabehera, bai oposizioak bai Johnsonen alderdiko kide askok, lehen ministroak dimititzea espero dute oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Erresuma Batua albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Ingalaterra albisteak Boris Johnson