Mundua -

Erresuma Batua

Johnsonek bere urtebetetzea ospatu zuen Gobernuaren egoitzan, covid-19aren aurkako neurriak urratuta

Badirudi pandemia garaian egindako festen polemika ez duela etenik eta oposizioak enegarrenez eskatu du Boris Johnsonen dimisioa, bere urtebetetzea ospatu zuela jakin ostean.

Boris Johnsonek kontrako kartel bat Parlamentuaren parean. Argazkia: EFE
Boris Johnsonek kontrako kartel bat Parlamentuaren parean. Argazkia: EFE
Boris Johnsonek kontrako kartel bat Parlamentuaren parean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson lehen ministro britainiarrak bere urtebetetzea ospatzeko jai bat egin zuen Downing Streeteko egoitzan, 2020ko ekainaren 19an, ITV telebista-kateak jakinarazi duenez. 30 bat pertsona elkartu ziren eta, beraz, pandemiari aurre egiteko murrizketak urratu zituen, bilkura sozialak galarazita zeudelako.

Telebista horren arabera, bere emazteak antolatutako festa-sorpresa bat izan zen eta Gobernuko ministroak biltzen diren salan egin zuten.

Berri honek Johnsonen kontrako presioa areagotu egin du eta Gobernuko bozeramaile batek aitortu du egun hartan Downing Streeteko aipatu salan bildu zirela lehen ministroari zorionak emateko. Alabaina, zehaztu du "10 minutu baino gutxiago" egon ziren batuta.

Alabaina, ITV telebistak jaso duen beste testigantza baten arabera, supermerkatu batean erositako janaria eraman zuten eta 20-30 minutuz egon ziren elkarrekin.

Horrez gain, erantsi du Johnsonek "familiako hainbat lagun" hartu zituela gauean eta, beraz, beste arau bat ere urratu zuela.

Gobernuaren bozeramaileak, berriz, adierazi du informazio hori "erabat faltsua" dela. "Lehen ministroa senide batzuekin bildu zen eta kanpoaldean egin zuten topaketa", argitu du.

Edonola ere, Keir Starmer oposizioko buruzagiak berriro eskatu dio dimisioa eman dezala.

"Jendarteak argi dauka arauk urratu zituela eta gezurra esan duela. Beraz, ez dauka herria gobernatzen jarraitzeko sinesgarritasunik", azaldu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Londres Ingalaterra Boris Johnson Koronabirusa