Mundua -
koronabirusa
Kanadakoen antzeko murrizketen aurkako blokeoak jasotzeko prestatu da Paris
Ehunka ibilgailu elkartuko dira Frantziako hiriburuan, pandemiagatik ezarritako murrizketen eta txertoen aurka. Kanadako kamioilariek eragindako Ottawako blokeoa hartu dute eredu.
agentziak | eitb media
Frantziako agintariek "askatasunaren konboi" direlakoak Parisera hel daitezen ekiditeko neurriak hartu dituzte. Herrialdeko hiri desberdinetan sortutako taldeak dira, eta Parisen elkartzeko asmoa dute, pandemiagatik ezarritako murrizketen eta txertoen aurka.
Hiriburuko prefektuak elkarretaratze oro debekatuko du larunbatetik astelehenera, baina sare sozialetan Parisen manifestatzeko deia mantendu dute, Kanadako kamioilariek eragindako Ottawako blokeoa eredu hartuta.
Segurtasun-indarrak indartu dituzte Parisen, polizia eta jendarmeria unitate berriekin, indarkeria saihesteko.
Ehunka ibilgailu hasi dira herrialdeko puntu desberdinetatik hiribururantz abiatzen, eta bidean jarraitzaile berriak batzeko asmoa dute, azkenik Parisen elkartzeko.
Kanadaren kasuan, kamioilariek egin dituzte protestak, espresuki eragiten dieten neurrien aurka. Frantzian, berriz, txertatze ziurtagiriari uko egiten dioten pertsonen ibilgailuekin egingo dituzte.
Jean Castex lehen ministroak ez zituen martxa horiek "askatasuna" kontzeptuarekin lotu nahi izan eta, esan zuenez, "manifestaziorako eskubidea ez da blokeorako eskubidea". Gainera, baietsi zuen Gobernuak "irmo" jokatuko duela, hiriburua blokeatzea erabakitzen badute.