Mundua -
Protesta
'Askatasunaren Karabanak' hiriko sarbideak blokeatzea eragotzi dute Bruselan
Belgikako hiriburura bidean dozenaka ibilgailu gelditu eta arma zuriak atzeman dituzte poliziek. Hala ere, manifestariek oinez edo garraio publikoan hiriaren erdialdera iristeko aukera izan dute.
Agentziak | EiTB Media
Belgikako agintariek ia mila polizia zabaldu dituzte astelehen honetan, eta Bruselako sarbideetan kontrol barrerak jarri dituzte. 'Askatasunaren Karabana' Europako hiriburura iritsi da Frantziatik, koronabirusaren aurkako murrizketen eta osasun neurrien kontra protesta egiteko.
Poliziak mobilizazioa bukatutzat jo du 16:00ak aldera. Barrerak kendu eta zirkulazioa berriz ireki du ordu horretan. Ez da aparteko istilurik izan. Belgikako hiriburura bidean dozenaka ibilgailu gelditu eta arma zuriak atzeman dituzte poliziek.
Nahiz eta buruzagiek protestan parte hartzeko ibilgailuak hirian sartzea eragotzi, manifestariek oinez edo garraio publikoan hiriaren erdialdera iristeko aukera izan dute.
Horrela, dozenaka pertsona Europako auzora hurbildu dira, murrizketen aurka protesta egiteko, Europar Batasuna ordezkatzen duten erakundeetatik gertu. Talde txikiagoak hiriaren erdialdeko plazetan elkarretaratzeak egin dituzte. Poliziak estu hartu ditu, zonalde jendetsu edo turistikoetara sartzea eragozteko.
Bestalde, 50 bat kamioi, karabana eta auto Heyseleko azoka-eremuan aparkaturik geratu dira, hiriko kanpoaldean, eta beste 50 ibilgailu inguru Lovainatik hurbil.
Philippe Close Bruselako alkateak gogorarazi du hirian manifestazio bat deitzeko baimena eskatzea ezinbestekoa dela. 'Askatasunaren Karabanak" ez du halakorik eskatu, erantsi du. Are gehiago, "eskakizunik, ezta elkarrizketarik ere" ez izatea deitoratu du tokiko buruzagiak.
Protestak "hiria bahitzea" eragozteko agintari federalak, erregionalak eta lokalak lankidetzan aritu direla ohartarazi du Closek goizean. Frantziatik muga gurutzatu duten ibilgailuen kopurua espero baino txikiagoa izan dela gaineratu du Bruselako alkateak.