Mundua -

Bilera Moskun

Putin: "Gerra nahi ote dugun? Ez, noski"

"Europan NATOk Jugoslaviaren aurka abiatutako gerraren lekuko izan gara", gogorarazi du Putinek. Scholz ez da ados agertu, Jugoslavian genozidio mehatxu bat zegoela argudiatu du Alemaniako agintariak, baina Putinek Ukrainako ekialdean orain gertatzen ari dena genozidio bat dela erantzun dio.

Vladímir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladímir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putinek dio Errusiak ez duela nahi gerrarik Europan

1:33

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Europan gerrarik ez duela nahi adierazi du. "Gerra nahi ote dugun? Ez, noski", esan du Kremlineko buruzagiak.

"Europan NATOren blokeak Jugoslaviaren aurka abiatutako gerraren lekuko izan gara. Operazio militar erraldoi bat, Belgrad Europako hiriburu baten kontrako bonbardaketekin", gogorarazi du Putinek.

Ekintza belikoak NBEko Segurtasun Kontseiluaren baimenik gabe aurrera eraman zituzten, eta hori "oso adibide txarra izan zen", erantsi du Errusiako agintariak.

Scholz ez da Errusiako buruzagiarekin ados agertu, Jugoslavian genozidio mehatxu bat zegoela argudiatu du Alemaniako agintariak, baina Putinek Ukrainako ekialdean orain gertatzen ari dena genozidio bat dela erantzun dio.

AEBri eta NATOri planteatutako segurtasun eskaerei dagokionez, Errusiak erantzun konstruktiborik jaso ez duela esan du Putinek, baina elkarrizketari eustea espero du.

Ukrainako mugetatik tropak erretiratzen jarraitzeko aukeraz, Kremlineko buruzagiak egoeraren menpe egongo dela ohartarazi du.

"Nola jokatuko du Errusiak? Egitasmoaren arabera. Haren osagaiak zeintzuk dira? Benetako egoera lekuan bertan", adierazi du. "Egoeraren bilakaera zein izango den nork esan dezake? Inork, oraingoz. Ez dago soilik gure esku", erantsi du.

Putin: "Egoeraren bilakaera zein izango den nork esan dezake? Inork, oraingoz. Ez dago soilik gure esku"

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak gaur adierazi duenez, Errusiako militarrek Ukrainako mugetan atzera egitea "seinale ona da, baina pauso gehiago behar dira" eskualdean tentsioa jaisteko.

"Orain zenbait soldadu erretiratu behar dituztela entzutea, seinale ona da. Gehiago espero ditugu", esan du Scholzek prentsaurreko bateratuan, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hiru ordu baino gehiagoko bilera egin ondoren.

"Bide diplomatikoa agortzetik urrun dago", adierazi du Scholzek. "Irtenbide bat aurkitzea posible izan beharko litzateke. Egoera oso zaila eta larria izateak ez du axola, konponbiderik ez duela esatea baztertzen dut", erantsi duenez.

"Baliteke Europa aspaldiko krisi zailenaren aurrean izatea", azpimarratu du Scholzek.

Alemaniako buruzagiak azaldu duenez, Serguei Lavrov eta Sergeui Shoigu Atzerri eta Defentsa ministroekin astelehenean izandako bileraren berri eman dio Putinek. Segurtasun bermeen inguruan AEBekin eta NATOrekin akordio batera heltzeko aukerak daudela esan zion Lavrovek Putini.

Alemaniako kantzilerrak elkarrizketa hori "irtenbiderik gabeko kale itsuan ez bukatzea" eskatu dio, "guztientzako hondamendi bat litzatekeelako".

Scholz: "Bide diplomatikoa agortzetik urrun dago"

Ia aldi berean, Dumak (Errusiako Parlamentua) Donetsk eta Lugansk bi herri errepubliken independentzia aitortzeko eskatu dio Putini.

Alderdi komunistak aurkeztu du ekimena. Ganberako 351 diputatuk aldeko botoa eman dute. Guztira, 450 ordezkari daude Duman.

Scholzen ahotan, Dumak onartutako ebazpenari Errusiako presidentea jaramon egingo balio, Minskeko Akordioak "mespretxatzea" litzateke. "Orduan prozesua agorturik legoke, eta hondamendi politikoa litzateke",

Bozketa baino lehenago, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan duenez, "Donbassen gertatzen den guztiaren aurrean Errusiako iritzi publikoak bero erantzuten duela inorentzat ez da sekretua dagoeneko". Eskualdean Errusiaren aldeko separatistak Moskuren babesarekin eta Ukrainako Armada borrokan ari dira 2014tik.

Errusiak bi eskualde horietako herritarrei 700.000 pasaporte baino gehiago eman dizkio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Europa Mosku Errusia Vladímir Putin Alemania NATO Eguneko albisteak Albisteak Olaf Scholz Errusia-Ukraina gerra