Mundua -

Donbass

Donetsk eta Luhansk herri errepublikek zibilen ebakuazio masiboa abiatu dute

Horrela, 700.000 bat bizilagun Rostovera (Errusia) ebakuatuko dituzte. Buruzagi independentisten ahotan, Ukrainako presidenteak "laster erasoaldirako agindua emango dio Armadari" errepublikak inbadituz. Kieveko Gobernuak, ordea, ukatu egin du.

Autobusak Donetsketik (Donbass) Rostovera (Errusia) bidean. Irudia: Reuters albiste agentzia
Autobusak Donetsketik (Donbass) Rostovera (Errusia) bidean. Irudia: Reuters albiste agentzia
Autobusak Donetsketik (Donbass) Rostovera (Errusia) bidean. Irudia: Reuters albiste agentzia

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donetsk eta Luhansk herri errepublikek zibilen ebakuazio masiboa aurrera eramateko agindua eman dute gaur, Ukrainako Armadaren eraso baten beldur, baina Kievek ukatu egin du. Horrela, 700.000 bat bizilagun Rostovera (Errusia) ebakuatuko dituzte, Interfax agentziak jakitera eman duenez.

"Errusiak Luhansk herri errepublikako bizilagunen sarrera eta birkokapen antolatua bermatuko du", adierazi du Leonid Pasechnik bertako independentisten buruzagiak.

Ordu batzuk lehenago, Denis Pushilin Donetskeko agintariak biztanleriaren "irteera masibo zentralizatua" iragarri du "bereziki emakume, haur eta adinekoak". Pushilinen ahotan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak "laster erasoaldirako agindua emango dio Armadari" errepublikak inbadituz.

Hala ere, Oleksii Reznikov Ukrainako Defentsa ministroak Parlamentuan (Rada gorena) ziurtatu duenez, Kievek ez du lurralde independentisten aurkako ekintzarik aurrera eramateko asmorik, gatazkari konponbide baketsua eman nahi diolako.

Vasili Golubev Rostoveko gobernadoreak Vladimir Putin Errusiako presidenteari laguntza eskatu dio, ebakuazio masiboari aurre egiteko, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak adierazi duenez.

Egoera ikusita, Putinek Aleksand Chuprian Larrialdi Egoeratarako ministroa Rotovera bidali du, errefuxiatuen bizi baldintzak bermatzeko, Peskovek Interfax albiste agentziari azaldu dionez.

10.000 errublo errefuxiatu bakoitzari

Gainera, errefuxiatu bakoitzari "10.000 errubloko (130 dolar inguru) diru-laguntza emateko agindua eman dio Errusiako presidenteak Gobernuari", erantsi duenez.

Azken orduetan, ostegunean bereziki, 2015eko su-etenaren urraketa larriak izan dira Ukrainako ekialdean.

Ostiral honetan Ukrainako indar armatuek herri errepublikari 30 aldiz eraso egin diotela salatu dute Donetskeko agintariek, TASSen arabera. Ukrainako Armadaren hitzetan, ostera, independentistek su-etena 45 aldiz urratu dute.

"Egoerak okerrera" egin duela salatu du Putinek

Gauzak horrela, Ukrainako ekialdean "egoerak okerrera" egin duela salatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Bestalde, Donetsk eta Luhansk kontrolatzen duten independentistekin negoziatu nahi ez izatea aurpegiratu dio Kievi.

"Donbasseko ordezkariekin negoziatzeko eseri beharko luke Kievek, eta neurri politiko, militar, ekonomiko eta humanitarioak adostu, gatazkari amaiera emateko", esan du Putinek. Errusiako buruzagiak Alexander Lukashenko Bielorrusiako homologoa hartu du Moskun.

Putinek planteatu duenez, elkarrizketari "lehenbailehen heltzea hobe", baina Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea nazioarteko negoziazio formatua berreskuratzearen alde agertu da soilik, Errusiaren presentziarekin.

Minskeko akordioak haustea leporatu dio Putinek Kieveko Gobernuari. Ekialdeko lurraldeei "status berezi" bat emateko Konstituzioa aldatu ez izana aurpegiratu dio, baita tokiko hauteskundeak ez deitzea edo "amnistian" aurrerapausoak ez ematea ere, Sputnik albiste agentziak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur