Mundua -

Gerra Ukrainan

"Alaba ukrainarrak bere umeen jaiotza-agiriak bidali dizkit, badaezpada"

Mertxe Galarraga soraluzetarrak Inna Likartsu Txernobylgo haurra hartu zuen etxean zortzi urtez. Egun, 32 urte ditu, eta harremanetan jarraitzen dute. Gaur, Errusiaren erasoaren ondotik, laguntza eskatu dio.

Inna Likartsuren bi alabak. Argazkia Mertxe Galarragak bidalia
Inna Likartsuren bi alabak.
Inna Likartsuren bi alabak. Argazkia Mertxe Galarragak bidalia

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ahotsa urratu egiten zaio hitz egitean Mertxe Galarraga soraluzetarrari; "urduri" dago, eta ez da gutxiagorako. Inna Likartsu Txernobylgo (Ukraina) alabak (egun 32 urte ditu) laguntza eskatu dio gaur, Errusiako erasoaren ondorioen beldur. Honako mezua bidali dio WhatsApp bidez: "Ama, umeen jaiotza-agirien argazkiak bidaltzen dizkizut. Guri zerbait gertatzen bazaigu, lagun iezaiezu".

Galarragak umetan hartu zuen Txernobylgo haurra. 10 urte zituela etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, eta 18 urte bete arte, udaro etorri zen Gipuzkoako herrira. Ordudanik, harremana dute.

"Gaur goizean 07:00etan Errusiako erasoarena irratian entzun dudanean, mezua bidali diot zelan dauden galdetzeko. Kaixo ama. Gerra bat dugu. Etxean eserita nago eta tiroak entzuten ari naiz. Beldur naiz, idatzi dit. Lasai egoteko esan diot, eta ea zerbaitetan lagun diezaiokedan. Hasieran, ezin nuela lagundu erantzun dit, baina handik 10 minutura alaben jaiotza-agiriak bidali dizkit", azaldu digu.

Innak bi alaba ditu (albiste honi atxikitako argazkian ageri direnak), 12 eta 7 urtekoak. Familia Ivankiv hirian (10.000 biztanle pasatxo) bizi da, Txernobylgo zentraletik 52 kilometrora eta Kievetik 70era (iparraldean). Innaren senarrari prest egoteko esan diote, une batetik bestera frontera joateko deituko dutelako, baina gaur oraindik etxean zegoen, kontatu digu Galarragak.

"Alabak 32 urte baino ez ditu, eta zer pasatu duen dagoeneko koitaduak. Bihotza apurtzen zait", aitortu digu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Ukraina azken orduko Gipuzkoa Errusia bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Soraluze azken ordukoa Umeak albisteak gaur Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa