Mundua -

gerra ukrainan

Errusiak erabateko ofentsiba agindu du, Kievi egotzi ondoren elkarrizketari uko egin izana

Errusiako Defentsa Ministerioak Donetsk eta Luganskeko milizien aurreratzea nabarmendu du, herri gehiago hartu baitituzte.

Ukrainar tankeak. Artxiboko argazkia: EFE
Ukrainar tankeak. Artxiboko argazkia: EFE
Ukrainar tankeak. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Defentsa Ministerioak norabide guztietaranzko ofentsiba abiatzeko agindu dio Armadari, Kievi egotzi ondoren negoziazio-mahaian Kremlinarekin batera eseritzeari uko egin izana.

Ígor Konashénkov Errusiako Defentsa Ministerioko ordezkariak prentsaurrekoan adierazi duenez, "Ukrainak elkarrizketa prozesuari uko egin ostean, gaur unitate guztiei eman zaie norabide orotaranzko ofentsiba abiatzeko agindua, planarekin bat".

Militarrak gogora ekarri duenez, bezperan, "Kievek elkarrizketarako prest zegoela adierazi ondoren, erasoak gelditu egin ziren, operazioaren norabide guztietan". Orain, ordea, berriz ekin diote operazioari.

Konashenkovek Donetsk eta Luganskeko milizia separatisten aurreratzea nabarmendu du, herri berriak hartu baitituzte Rubézhnoyera bidean, Errusiako Armadaren laguntzaz.

Itsaso Beltzean gertatutako borrokei buruz ere aritu da. Bezperan, "armak borondatez utzi zituzten 82 ukrainar mugako guardiaren ebakuazioan", ukrainar Marinako 16 txalupak errusiar ontziei eraso egin zieten.

"Eraso horren helburua amore eman zuten ukrainar militarrei mendekua izan zen, Errusiako Armadari gerrako presoak erail izana leporatzea baitzuten xede", esan du. Nabarmendu du sei ukrainar txalupa hondoratu zituztela.

Errusiar militarrak gaineratu du borroka horietan zehar zenbait estatubatuar drone zeudela inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Ukraina Errusia berriak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa