Mundua -
GERRA UKRAINAN
368.000 errefuxiatu baino gehiago eragin ditu jada gerrak, ACNURen arabera
150.000 lagun iritsi dira Poloniara eta 43.000 Errumaniara. Guztira 5 milioi errefuxiatu eragin ditzakeela gerrak uste dute erakundeek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Agentziak (ACNUR) jakitera eman duenez, jada 368.000 pertsona kontatu dituzte, errefuxiatu gisa, gerraren ondorioz.
Gehienak Poloniara ihes egin dute, 150.000ak; beste 43.000 inguru Errumaniara joan dira eta milaka batzuk Moldavirara, Eslobakiara eta Errusiara ere bai. Ukranian, herrialdearen barruan, berriz, 160.000 desplazatu omen daude.
ACNURek zein Ukrainako Gobernuak ohartarazi dute bost milioi pertsonak, herritarren ia % 10ak ihes egin dezakeela.
Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Bulegoaren kalkuluen arabera, gatazkak gutxienez 64 hildako zibil eta 180 zauritu utzi ditu oraingoz, eta erasoek ehunka etxebizitza kaltetu edo suntsitu dituzte. Beste batzuk inkomunikatuta edo elektrizitate zein ur hornidurarik gabe geratu dira, bonbardaketek azpiegitura zibilei, hala nola, errepideei edo zubiei, eragin dizkieten kalteengatik.
Bestalde, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, NBEren agentziek eta haren kideek bertan behera utzi behar izan dituzte Ukrainan garatzen dituzten operazioak baina langileek bertan jarraitzen dutela jakinarazi dute.