Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak erasoak areagotu ditu Ukraina hegoaldean eta ekialdean, eta Kieven misil bat jaurti dute
Errusiako Armadak Kharkiv bonbardatu eta Kherson hiria bereganatu du. Kieveko tren-geltokiaren inguruan misil batek jotzea eragotzi du Ukrainako defentsak. Gerra hasi zenetik, 2.000 zibil baino gehiago hil dituzte eta 875.000 ukrainar ihesi joan dira.
EITB MEDIA
Errusiako Armadak eraso gehiago egin ditu asteazken honetan Ukraina hegoaldean eta ekialdean. Azken orduetan, Kharkiv bonbardatu dute, Kherson hiria bereganatu dutela iragarri dute eta Mariupol inguratu dute. Inbasioa duela zazpi egun hasi zenetik, 2.000 zibil baino gehiago hil dituzte eta 875.000 Ukrainatik ihesi joan dira.
Kieven, Errusiako Armadak misila jaurti du tren-geltokiaren ingurura, baina defentsa ukrainarrak airean zegoenean suntsitzea lortu du. Hala ere, hondakinak lurrera erori direnean hodi handi bat hautsi da eta hiriaren zati bat berokuntza hornidura gabe geratu ahal izan dela ohartarazi du Anton Gerastxenko Barne Ministerioko aholkulariak.
Ukrainako agintariek adierazi dute milaka pertsona, umeak tartean, ebakuatu dituztela inguru horretatik, eta trenen joan-etorriak jarraitzen duela gaineratu dute.
Kievetik alde egin ez duten pertsonak tren-geltokietan, metroan eta aterpeetan babestuta daude; izan ere, Moskuk atzo iragarri zuen hiriburuko eraikin estrategikoak bonbardatzeko asmoa zuela, eta herritarrei Kievetik joateko gomendatu zien.
Vitali Klitxko Kieveko alkateak ohartarazi du tropa errusiarrak gero eta hurbilago daudela, eta hiriburua defendatzeko deia egin die bertan diren ukrainarrei.
"Etsaia indarrak pilatzen ari da hiriburutik gero eta hurbilago. Kieveko herritar guztiei eskatzen diet ez dezatela amore eman", azpimarratu du.
Bestalde, Ukrainako agintariek jakinarazi dute bi hegazkin errusiar bota dituztela Kiev inguruan, eta eraso horretan parte hartu duen hegazkin ukrainar batek kalteak jasan dituela eta pilotua desagertuta dagoela erantsi dute.
Ukrainako hiriburuaren aurkako jazarpena asteartean areagotu zen: ama berriei zuzendutako ospitale baten aurka misila jaurti, eta telebista-dorre bat bonbardatu zuten. Larrialdi zerbitzuen arabera, gutxienez bost pertsona hil ziren bi eraso horietan.
Gainera, Kievera bidean dagoen konboi militarra hasiera batean esan zutena baino handiagoa dela zehaztu dute gaur: 64 kilometro luze omen da. Gurdi blindatuak, artilleriak eta bestelako ibilgailu militar batzuek osatzen dute ilara.
Erasoak Kharkiv eta Kherson hirietan
Bien bitartean, Errusiako Armadak Kharkiv bonbardatu du. Errusiako mugatik 40 bat kilometrora dagoen hiri horretan, gutxienez lau pertsona hil eta bederatzi zauritu dituzte, hango agintariek zabaldu dutenez.
Erasoan hainbat eraikin suntsitu dituzte, Poliziaren egoitza nagusia, unibertsitatearen eraikin bat eta udaletxea, besteak beste.
Erasoa gauzatu aurretik, paraxutistak bidali dituzte hiria inbaditzeko asmoz.
Horrez gain, militar errusiarrak Khersonen sartu dira indarrez, eta hiria bereganatzea lortu dute. Itsaso Beltzaren ondoan dago Kherson, eta 300.000 biztanle ditu.
Bestalde, Donetskeko gerrilari independentistek eta tropa errusiarrek Mariupol inguratuta dutela ziurtatu dute. Alabaina, Ukrainako Barne Ministerioak zehaztu du borrokak ez direla bukatu, eta azpimarratu du Ukrainako Armadak hiria defendatzen segitzen duela.