Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Ukrainako gerraren zazpi eguneko balantzea: 2.000 zibil baino gehiago hilda eta ia milioi bat pertsona ihesean

Halaber, Vladimir Putinen Gobernuak lehen aldiz aitortu du Ukrainako gerran 500 soldadu errusiar hil eta 1.600 inguru zauritu direla.

Dozenaka lagun Kieveko metroan babestuta. Argazkia: EFE
Dozenaka lagun Kieveko metroan babestuta. Argazkia: EFE
Dozenaka lagun Kieveko metroan babestuta. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Armadak 2.000 zibil baino gehiago hil ditu Ukrainan, otsailaren 24an gerra hasi zenetik, eta ia milioi bat pertsona joan dira ihesi herrialde horretatik. Gainera, Moskuk lehen aldiz aitortu du 500 soldadu errusiar hil direla erasoaldian.

"Gerraren lehendabiziko zazpi egunetan, Errusiak ehunka azpiegitura suntsitu ditu: garraiobideak, etxebizitzak, ospitaleak eta haurtzaindegiak. Denbora tarte horretan, 2.000 zibil baino gehiago hil dituzte", adierazi du Ukrainako Larrialdi Zerbitzuak Facebooken argitaratu duen mezu batean.

Agiri horretan erantsi dutenez, 150 bizirik atera dira, 500 ebakuatu dituzte eta bonbardaketek eragindako 400 sute baino gehiago itzali dituzte egunotan.

Bestalde, ACNUR errefuxiatuei laguntzeko Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi du dagoeneko 874.000 lagunek egin dutela ihes Ukrainatik toki seguru baten bila.

Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak aitortu du 498 soldadu errusiar hil eta 1.597 zauritu direla Ukrainan.

"Tamalez, operazio militar berezi honetan parte hartzen ari ziren burkideen artean galerak izan ditugu. 498 militar errusiar hil dira beraien eginkizuna betetzen ari ziren bitartean. Eroritakoen familiei gure laguntza guztia eskaini nahi diegu", adierazi du Igor Konaxenkov Defentsa ministroak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra