Mundua -
Egoeraren laburpena
Zer gertatu da asteazken honetan Ukrainako gerran? Albiste nagusien laburpena
Errusiaren inbasioari buruz jakin behar duzun guzta, albiste bakarrean laburbilduta.
EITB Media
- Errusiako Armadak aurrera egin du asteazken honetan Ukrainako hegoaldean. Bertan, Kherson hiriko kontrola hartu, eta Mariupol ia blokeatuta du. Ekialdean ere, Azov itsasoko kostalde gehiena mendean duela iragarri du Moskuk. Kieven, misil bat lehertu da tren geltoki batetik gertu, eta baliteke hiriburuaren parte bat berokuntzarik gabe geratzea (gaur gauean 0 eta 3 ºC artean espero dituzte), hodi batek kalteak izan dituelako.
- Zenbat pertsona hil dira dagoeneko gerran? Ukrainako Larrialdi Zerbitzuen arabera, 2.000tik gora dira erasoaldian hildako zibilak. Errusiako Defentsa Ministerioak ere datuak eman ditu lehen aldiz, eta orain arte 498 soldatu errusiar hil direla aitortu du.
- Errusiak abiatutako inbasioaren ondorioz, gero eta herrialde gehiagok bat egin nahi dute Europar Batasunarekin: gaur, beste sobietar errepublika ohi batek, Georgiak, iragarri du bihar bertan eskatuko duela Batasunean sartzea, "premiazko" prozedura batekin.
- Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du armak bidaliko dizkiola Ukrainari.
- Europar Batasunak zigor gehiago: Hogeita zazpiek dagoeneko eten dute Sputnik eta Russia Today errusiar hedabideen emisioa, eta zazpi banku Swift sistematik kanporatu dituzte. Gainera, kriptomoneden aurkako neurriak hartzea ere aztertuko dute, Errusiak zigorrei muzin egitea saihesteko.
- Gehiengo handi batekin, NBEko Asanblea Nagusiak Errusiaren erasoa gaitzesteko ebazpena onartu du, eta tropa guztiak Ukrainatik ateratzea eskatu dio Moskuri. 193 estatu kideen artean, 141ek babestu dute testua, eta bostek baino ez dute aurka egin: Errusia bera, Bielorrusia, Siria, Ipar Korea eta Eritrea.
- Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ohartarazi du Hirugarren Mundu Gerra "nuklearra eta suntsitzailea" izango litzatekeela. Atzo, Joe Biden AEBetako presidenteak azpimarratu zuen Moskuren aurkako zigorren alternatiba bakarra "Hirugarren Mundu Gerra" hastea dela.
- Errefuxiatuen drama: ACNUR agentziaren arabera, 874.000 pertsonak ihes egin dute Ukrainatik inbasioa hasi zenetik.
- Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotuta eta desagertuta dago oraindik Polonian. Haren abokatuak, Gonzalo Boyek, ezin izan du oraindik harekin hitz egin, eta Espainiako Gobernuari esku hartzeko eskatu dio, eitb.eus-en egindako elkarrizketa batean.