Mundua -

UKRAINAKO GERRA

CNN, BBC, RTVE, ARD, RAI eta abarrek Errusiatik emititzeari utzi diote kazetariei egindako mehatxuengatik

Errusian lanean ari diren kazetariei debekatu egin zaie "inbasio", "gerra" eta antzeko terminoak erabiltzea Ukrainari buruz hitz egiterakoan, eta 15 urtera arteko kartzela-zigorra jaso dezakete "informazio faltsua zabaltzeagatik".

BBCren (British Broadcasting Corporation) egoitza Londonen. Argazkia: EFE
BBCren (British Broadcasting Corporation) egoitza Londonen. Argazkia: EFE
BBCren (British Broadcasting Corporation) egoitza Londonen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioartean ospea duten hainbat komunikabidek Errusiatik emititzeari uztea erabaki dute behin-behinean, Errusiako Gobernuak kazetaritzari buruzko lege berria onartu eta gero. Lege honek 15 urtera arteko kartzela zigorrak aurreikusten ditu "informazio faltsua zabaltzeagatik".

CNN kate estatubatuarrak, CBS kanadarrak eta BBC kate britainiarrak zein Boomerang komunikazio agentzia estatubatuarrrak hartu dute, besteak beste, erabaki hau. Espainiar estatuan, RTVE kate publikoak, El Pais egunkariak eta EFE berri agentziak ere erabaki bera hartu dute. Kataluniako Corporacio Catalana de Mitjans Audiovisuals (CCMA) erakundeak ere bertan behera utzi du, aldi baterako, TV3 katea eta Catalunya Radio irratia Errusiatik egiten ari ziren Ukrainaren inbasioaren jarraipena.

Egunean zehar, Europako beste telebista batzuk ere Errusiatik ateratzea erabaki dute. Hala nola, Alemaniako ARD eta ZDF kate publikoek eta Italiako RAIk, "segurtasun arrazoiak" eta "prentsa askatasuna" aldarrikatuz.

Ukrainako gerrari jarraipena egiten segituko dute baina Errusiatik kanpo.

Gogoan izan behar da aurreko larunbatean Errusiako komunikabideen erregulatzaileak herrialdeko hedabide guztiei agindu ziela inolako erreferentziarik ez egitea Errusiako Armadak Ukranian zibilak hiltzeari buruz. Ere berean, debekatu egin zuen "inbasio", "oldaraldi", "gerra adierazpena" eta antzeko terminoak erabiltzea, France-Press agentziak jaso zuenez.

Kazetaritza independentearen defentsa

"Legedia honek kazetaritza independentea kriminalizatzen duela dirudi. Ez digu BBC Newseko kazetarien eta Errusian dituzten laguntzaileen lana bertan behera uztea beste aukerarik utzi, ondorio guztiak aztertu arte" adierazi du Tim Davie BBCko zuzendari nagusiak.

CBStik ere antzera mintzatu dira: "egoera ikusita, eta Errusian ditugun langileek izan dezaketen arriskuaz kezkatuta, bertatik informatzeari utziko diogu behin-behinean, legedia berriaren inguruko argibideak izan arte".

Komunikabide horietako arduradunek "prentsa askea" defendatu dute eta "Errusian kazetaritza benetakoa eta independentea" egin ahal izatea aldarrikatu dute.

Twitter eta Facebookerako sarbiderik gabe

Bestalde, Ukrainaren inbasioa dela eta zabaldutak kritiken ondorioz, hainbat sare sozial blokeatu dituzte Errusian. Roskomnadzor Errusiako telekomunikazioen arautzaileak Twitterren eta Facebooken sartzea debekatu zuen ostiral honetan, baita mendebaldeko hainbat hedabidetan sartzea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra