Mundua -
Ukrainako Gerra
Lau eszenatoki posible Ukrainako Gerran
Errusia Ukrainaren auka erasoak gogortzen ari da eta Putinek ez die jaramonik egin Macron Frantziako presidenteak eta Tayit Erdogan Turkiakoak gerra geratzeko egin dioten eskaerari. Hori dela eta, adituen ustez lau eszenatoki daude gerra honen garapenean.
Felipe Etxebarria
Errusia Ukrainaren auka erasoak gogortzen ari da eta Putinek ez die jaramonik egin Macron Frantziako presidenteak eta Tayit Erdogan Turkiakoak gerra geratzeko egin dioten eskaerari. Hori dela eta, adituen ustez lau eszenatoki daude gerra honen garapenean.
1. Eszenatokia: berdinketa militarra
Orain arte, Ukrainako Armadak erresistentzia gogorra erakutsi du, nahiz eta erasotzailea askoz indartsuagoa izan. Boluntario asko ere borrokara batu dira. Mendebaldeko armekin eta zerbitzu sekretuen laguntzaz, Kievek eutsi dezake eta armada errusiarrarekin berdinketa lortu.
Mendebaldeko zigor ekonomikoen ondorioz, Putinek Ukrainako gobernua aldatu eta horren ordez gobernu-txontxongilo bat ezartzeko helburua bertan behera utzi lezake. Hala dio Samuel Charap Estatu Batuetako adituak.
2. Eszenatokia: aldaketa sakona Errusiako barne politikan
Putinen aurka herri-altxamendua eta presidentearen eraistea zaila dirudite une honetan, baina aditu batzuk ez dute baztertzen.
Bai Errusiako komunikabideei, bai atzerrikoei zentsura gogorra ezarri die Moskuko gobernuak. Askok alde egin dute: BBC, CBS, edo ZDFk, esaterako. Hala ere, milaka herritarrek parte hartu dute gerraren aukako protestetan, Errusiako hainbat hiritan igande honetan. 4000tik gora atxilotu ere egon dira.
Putinen segurtasun pertsonala oso ondo bermatuta egon ohi da, bat-batean segurtasun hori galtzen den arte, Errusian maiz gertatu den bezala. Hala azaltzen du Eliot A. Cohen, Washingtongo Ikerketa Estrategikorako Zentroko adituak.
3.Eszenatokia: Errusiaren garaipen militarra
Errusiako armadaren nagusitasuna dela eta, mendebaldeko adituen ustez, Errusiak gerra hau irabaz lezake. Putinekin hitz egin eta gero ostegun honetan Macron presidenteak azaldu duenez, Ukraina osoa hartzeko helburua du presidente errusiarrak, eta txarrena oraindik gertatzeko dago.
Hala ere, garaipen militar hori lortu arren, ez dirudi Errusiarentzat erraza izan daitekeenik okupazio militarrari luzaroan eustea, Ukrainak 40 miloi biztanle baino gehiago baititu.
4.Eszenatokia: gatazka handitzea
Ukraina ez dago ez Europar Batasunean, ez NATOn. Hala ere, muga dauka lau kiderekin. NATOko kide baten aurkako erasoa erakunde osoaren aurkakoa denez, NATO eta Errusia zuzenean borrokan has litezke. Adituen ustez, ez dirudi hori gerta daitekeenik istripu bat edo probokazio bat gertatzen ez bada, APFko Charap adituaren iritziz.
Haatik, gerra honetan biktima bat Moldavia izan daiteke. Ukraina eta Errumaniaren artean dago, eta ez da NATO, ezta Europar Batasuneko kidea ere. Aditu bat datoz: Putinen mehatxu askok Mendebaldeko gizartea beldurtzea dute helburu.