Mundua -
Ukrainako gerra
Macronek onartu du ez duela espero berehalako su-etenik Ukrainan
Europar Batasuneko buruzagiek Versaillesen egingo duten goi-bileraren atarian egin ditu adierazpenok Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Ukrainako gerra eta haren ondorioak aztertuko dituzte batzarrean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak onartu du ez duela uste epe laburrean su-etenik izango denik Ukrainako gerran, eta azpimarratu du Europar Batasunak egoerak eskatzen duen maila eman behar duela.
"Kezkatuta eta ezkor nago. Europak egoerak eskatzen duen maila eman behar du. Gerra honen aurrean batuta egon behar gara, oso garrantzitsua da. Aukera guztietarako prest egon behar dugu", adierazi du Europar Batasuneko buruzagiek gaur eta bihar artean Versaillesen egingo duten goi-bilera hasi aurretik.
Macronek adierazi du Vladimir Putinekin hitzegiten jarraituko duela, baina erantsi du ez dela errealista "datozen orduetan" su-eten bat lortuko dela pentsatzea.
Europar Batasuneko gobernu eta estatuburuek Errusiaren inbasioaren aurrean jarraitu beharko estrategia eta gerraren ondorioak izango dituzte hizpide.
"Elementu kritikoak defentsa eta energia dira. Gure herritarrak eta enpresak babestu behar ditugu, prezioen gorakadaren aurrean. Dagoeneko herrialde batzuetan hartu ditugu erabakiak. Frantziak, adibidez, gasaren prezioa blokeatu du. Baina egoera hau denboran luzatzen bada, beste mekanismo batzuk beharko ditugu Europan", azaldu du.