Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Krisi energetikoa eta defentsa gaiak aztertzeko elkartuko dira gaur EBko gobernuburuak eta estatuburuak

Itxura guztien arabera, ez dute erabaki handirik hartuko Versaillesen egingo den bileran, baina martxoaren 24an eta 25ean Bruselan egingo den goi-bileran daude jarrita itxaropenak.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Versailleseko bileran izango da. Artxiboko argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea (irudiaren erdian) Versailleseko bileran izango da
Emmanuel Macron Frantziako presidentea Versailleseko bileran izango da. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek bilera egingo dute ostegun honetan Versaillesen (Frantzia), Ukrainako gerrak erabat baldintzatuta. Besteak beste, Errusiarekiko menpekotasun energetikoa, energiaren kostua eta defentsa gastua handitzea izango dituzte hizpide. Gaurko bilera informala izango da, eta, dirudienez, bertan ez dute erabaki handirik hartuko. Martxoaren 24an eta 25ean Bruselan egingo den goi-bileran daude jarrita itxaropenak. 

Ukrainako gerra hasi zenetik bi aste bete diren honetan, Europar Batasuneko 27 herrialdeetako agintariek Errusiaren aurkako zigor gehiago eztabaidatuko dituzte, bereziki finantza-sisteman, esportazioetan edo itsas sektorean azpimarra eginda.

Errusiarekiko menpekotasun energetikoa gutxitzeaz ere arituko dira; izan ere, Europar Batasunean kontsumitzen den gasaren % 40 Errusiatik dator. Gai-zerrendako beste gaiak elektrizitatearen prezioaren igoera eta energiaren prezioa finkatzeko sistema aldatzea izango dira.

Bestalde, Ukrainak Europar Batasunera batzeko egindako eskaria ere aztertuko dute. Estatukide batzuk prozesua azkartzearen alde agertu dira, eta beste batzuk, berriz, ohiko bideari eustearen alde. 27 herrialdeen artean desadostasunak daudenez, ez da aurrerapauso handirik espero.

Defentsarako gastua handitzea

Defentsarako ahalmena eta gastua handitzea izango da gaurko bilerako beste hizpideetako bat. Defentsa alorreko planak egitea eskatuko diote 27 herrialdeek Europako Batzordeari, eta defentsarako estrategia Ukrainako egoerara egokitzea eztabaidatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Ukraina albisteak Europa Errusia bideoak Vladímir Putin argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski