Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Jarek Domanski: "Errusiak ez ditu XXI. mendeko joko-arauak errespetatu nahi, XIX. mendekoekin ari da"
Akordiorako aukera gutxi ikusten du, oraingoz, Jarek Domanski Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko kideak. Ukrainaren eta Errusiaren "hasierako helburuak ezer gutxi mugitu" direla esan du.
EITB Media
Errusiaren eta Ukrainaren artean akordioa ixtea posible bai, baina gaur gaurkoz oso zaila dela uste du Jarek Domanski Iranen Poloniaren enbaxadore izandakoak eta Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko kideak Kieven. Horren hitzetan, bi aldeek helburu oso ezberdinak dituzte, eta oso urrun daude bata bestearengandik.
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketan, Domanskik adierazi du Errusia ez dela ausartuko "NATOrekin beste gatazka armatu bat" zabaltzen, "Ukrainan dituen arazoak" ikusita. Orain arte bezala, Poloniak "Aliantza Atlantikoarekin bat egiten jarraituko" duela adierazi du.
Bestalde, Europako Batzordearen, Estatu Batuen, Kanadaren, Japoniaren, Australiaren eta beste hainbat herrialderen artean "egunotan ikusten ari garen aurrekaririk gabeko batasuna" nabarmendu du EBko kideak. "Errusiarrek ez zuten, inondik inora, batasun hau espero", zehaztu du.
Ukraina EBn berehala eta ezohiko prozedura baten bidez sartzeari buruz galdetuta, Domanskik azaldu du "ezinezkoa dela herrialde bat egun batetik bestera EBko kide bihurtzea". Poloniak horretarako bederatzi urte behar izan zituela ekarri du gogora. "Polonia Ukraina baino hobeto prestatuta zegoen, gatazkarik gabe, eta halere, bederatzi urteko prozesua izan zen", gaineratu du.