Mundua -
Ukrainako gerra
Gerrak hiru milioi errefuxiatu eragin ditu jada
Gatazkatik ihesi joandako hiru milioi horietatik 1,45 milioi haurrak direla zehaztu du Unicefek. Hots, segundoro haur bat errefuxiatu bihurtzen da.
Agentziak| EITB MEDIA
Dagoeneko hiru milioi pertsonak ihes egin dute Ukrainatik gatazka lehertu zenetik 19. eguna bete den honetan, Nazioarteko Migrazio Erakundeak (IOM, ingelesez) gaur kaleratutako datuen arabera. Gainera, hiru milioi horietatik 1,45 milioi haurrak direla zehaztu du Unicefek, hots, segundoro adingabe bat errefuxiatu bihurtzen dela.
"Azken datuak jaso ditugu, eta baiezta dezakegu hiru milioi errefuxiatuen langa gainditu dugula", adierazi du Paul Dillon erakundeko bozeramaileak Genevan eskainitako prentsuarrekoan.
Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren (UNHCR) arabera, errefuxiatuen % 90 emakumeak eta umeak dira. 1,8 milioi Poloniara joan dira; 263.000, Hungariara; 213.000, Eslovakiara; 142.000, Errusiara, eta dozenaka mila, Errumaniara eta Moldaviara.
UNHCR Agentziak egindako aurreikuspenen arabera, errefuxiatu kopuruak lau milioiak gaindi ditzake, eta Ukrainan barrena mugitutakoak 6,7 milioira hel daitezke.
1,45 milioi, haur eta nerabeak
James Elder Unicefeko eledunak jakinarazi duenez, gainera, gerratik ihesi joandako 1,45 milioi adingabeak dira. Bestela esanda, segundoro adingabe bat errefuxiatu bihurtzen dela.
Elderren hitzetan, haur eta nerabe asko eta asko senitartekoak atzean utzita atera behar izan dira herrialdetik. Horren aurrean, kezka azaldu du talde kriminalek haur horien zaurgarritasuna baliatuko duten.
"Bigarren Mundu Gerratik halako errefuxiatu krisirik ez dugu izan", azpimarratu du.
Azaldu duenez, "gerra honetan, errefuxiatuen erdia umeak dira, ez dakite nora doazen. Aita Ukraina uzten dute, eta ama eginahalak egiten ikusten dute bizirauteko".