Mundua -
Ukrainako gerra
Zelenskik onartu du, etsita, Ukraina ez dela NATOn sartuko: "Hala da, eta onartu beharra daukat"
"Argi geratu da Ukraina ez dela NATOn izango. Ulertu dugu. Ulerberak gara. Aspalditik ari gara entzuten ateak zabalik genituela, baina ikusi dugu ez dugula sartzeko aukerarik", esan du Ukrainako presidenteak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik astearte honetan deitoratu du NATOn sartzeko ateak itxita dituztela, "urteetan zehar kontrakoa entzun badugu ere". Halaber, herritarrei eskatu die beren buruan konfiantza izateko.
"Argi geratu da Ukraina ez dela NATOn izango. Ulertu dugu. Ulerberak gara. Aspalditik ari gara entzuten ateak zabalik ditugula, baina ikusi dugu ez dugula sartzeko aukerarik", esan du Ukrainako presidenteak bideo-dei bidez Aliantzako militarrekin egin duen bileran.
"Hala da, eta onartu beharra daukat", aitortu du Zelenskik. Dena dela, Moskuk duela hogei bat egun abiatutako gatazkan ukrainarrak betetzen ari diren paperarekin itxaropentsu agertu da.
"Pozten naiz gure jendea gertatzen ari dena ulertzen ari delako, eta herritarrek beren buruan eta lagun ditugun herrialdeetan sinesten dutelako", esan du Zelenskik. Horrez gain, aliatuei eskatu die laguntza militarra indartzeko, batez ere, aire erasoetarako hegazkinak bidalita", Ukriform albiste agentziak jakitera eman duenez.
Haatik, kritikatu du Ukrainako aire eremuak "NATOren zeruek bezainbesteko" babesa behar duen arren, beti dagoela "aitzakiaren" bat, eta salatu du balizko hirugarren mundu gerra baten aurrean Aliantzaren barruan dagoen "hipnosia".
"Ez dugu eskatzen NATOren Itunaren 5. Artikulua aktibatzea. Ulertzen dugu ez garela Aliantzaren parte, baina segurtasun berme handiagoa behar ditugu", adierazi du.
"Zer erantzungo die NATOk bere kideei Errusiako hegazkin eta misilen aurrean nola babestu behar diren --Jainkoak nahi ez dezala-- galdetzen badiote? Leopolis eskualdeari eraso egin dio Errusiak. NATOren mugatik 20 kilometrora misilekin egindako eraso bat izan da. Errusiaren droneak Aliantzaren lurretan erori dira dagoeneko", ekarri du gogora Zelenskik.
"Proposamen bat aurkeztu dugu Ukrainak bere kasa aire eremua eta bere herritarrak babestuta izan ditzan. Errusiaren mugakide diren herrialdeek, baina, babesa nola bilatu pentsatu beharko lukete", azaldu du.
"Guztiek dakite hegazkinak behar ditugula", esan du Ukrainako presidenteak. Amaitzeko, onartu du jasotako laguntza izan ez balu, zaila egingo litzaiokeela Errusiaren erasoari erantzutea, baina "gehiago" behar duela azpimarratu du.