Mundua -
PERU
Peruko Auzitegi Konstituzionalak Alberto Fujimori presidente ohia aske uzteko agindu du
Peruko Gobernuak Giza Eskubideen Ameriketako Batzordean (CIDH) helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurka. Fujimori astelehenean edo asteartean aterako da espetxetik, defentsa abokatuaren arabera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Peruko Auzitegi Konstituzionalak Alberto Fujimori Peruko presidente ohia aske uzteko agindu du. Izan ere, aintzat hartu du bere aldeko indultua baliogabetu zuen epaiaren kontra aurkeztutako helegitea. Gauzak horrela, astelehenean edo asteartean atera liteke espetxetik, defentsa abokatuaren arabera.
Gaur egun, Alberto Fujimori 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Barrios Altos eta La Cantutan izandako sarraskietan izandako arduragatik, gizateriaren aurkako krimenak egotzita.
2017ko abenduan Peruko presidente zen Pedro Pablo Kuczynskik indultu humanitarioa eman zion Alberto Fujimoriri. 2018ko urrian, ordea, Peruko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen gizateriaren aurkako krimenen kasuan indulturik eman ezin dela argudiatuta.
Peruko Gobernuak helegitea aurkeztuko du Giza Eskubideen Ameriketako Batzordean (CIDH) Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurka.