Mundua -

SAHARA

Espainiaren eta Aljeriaren arteko harremanaren gakoak, gasbideak eta Sahara tartean direla

Aljeriak 1962ko uztailaren 3an indepentzia lortu zuenean ezarri ziren Afrika iparraldeko herrialde horren eta Espainiaren artean lehendabiziko harreman diplomatikoak. Azken urteotan, harremana sendotu egin da.

Aljeriako gas planta bat. Argazkia: EFE
Aljeriako gas planta bat. Argazkia: EFE
Aljeriako gas planta bat. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aljeria "bazkide fidagarria eta estrategikoa" dela esan berri du Espainiak. Bi herrialdeen arteko harremanean, besteak beste, Sahara herriaren egoera eta gasa izan dira gakoetako bi. Hain zuzen, Espainiako gas hornitzaile nagusienetakoa da Aljeria, eta Ukrainako gerraren ondotik, are gehiago.

Joan den ostiralean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko Presidenteak Mohamed VI. erregeari helarazitako gutunak beste mugarri bat ezarri du bi herrialdeen arteko hartu-emanean. Marokok Sahararen autonomiarako proposatutako plana Espainiak babestu egiten duela esan zion Sanchezek Mohamed VI.ri, eta erabaki hori ez da Aljeriaren gustukoa izan.

Aljeriak 1962ko uztailaren 3an independentzia lortu zuenean ezarri ziren Afrika iparraldeko herrialde horren eta Espainiaren artean lehendabiziko harreman diplomatikoak, eta azken urteotan harremana sendotu egin da, tartean arrantza kuotekin lotutako aferaren bat izan badute ere.

Duela bi aste eskas, Abdelmadjid Tebboune Aljeriako presidentearekin elkartu zen Sanchez, energia alorrean lankidetza sendotzeko. "Bazkide energetiko fidagarria" izateagatik, eskerrak eman zizkion Espainiako presidenteak Tebbouneri.

Bahim Ghali

Bestalde, 2021eko apirilean, Bahim Ghali Fronte Polisarioko burua Logroñoko (Espainia) erietxe batera eraman izanak, covid-19ak jota, Espainia eta Marokoren artean arrakala bat ireki zuen. Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpalekuetan bizi da Ghali, eta handik eraman zuten Logroñora, Aljeriako hegazkin medikalizatu batean.

Rabat eta Madrilen artean ika-mika handia eragin zuen bidaia izan zen, baina Aljeriak  Espainiako Gobernuaren "keinu humanitarioa" eskertu zuen, Fronte Polisarioa hartzeagatik.

Ekainaren 6an, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen Ghalik, eta horrek aske utzi zuen haren aurkako froga nahikorik ez zegoela ebatzita. Behin hori jakinda, sendagiria eskatu zuen eta Aljeriara itzuli zen.

Nor da Brahim Ghali?
Nor da Brahim Ghali?
Nor da Brahim Ghali?

1:30

Gas hornikuntza

Dena dela, azken urteotan, tirabira batzuk gora behera, Aljeriaren eta Espainiaren arteko harremanak estutuz joan dira, eta Espainiako agintariek Aljerrera egindako bisitak izan dira horren lekuko. 2020ko urriaren 7an, Sanchez presidenteak bisita ofiziala egin zuen Aljeriara,  gai-ordenan migrazioa, segurtasuna, terrorismoaren aurkako borroka eta energia zituela.

2021eko abuztuan, berriz, mugako tentsio eta liskar larrien ondoren, Aljerrek harreman diplomatikoak hautsi zituen Rabatekin, eta erabaki horrek eragin handia izan zuen Europaren gas hornikuntzan. Marokon barrena igarotzen den Magreb-Europa gasbidea ixtea erabaki zuen Aljeriak, eta erabaki horren ondorioz, Aljeriako beste gasbide bateko (Medgazekoa) hornikuntza ondo lotuta utzi nahi izan zuen Espainiak, gasik gabe geratuko ez zirela ziurtatzeko.

2021eko irailean, Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministro espainiarra Aljerrera joan zen, eta Aljeriako agintariek baieztatu zioten bigarren gasbide horren bidez jarraituko zutela Espainia gasez hornitzen.

Eta testuinguru horretan, 2021eko urrian, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak beste bisita ofizial bat egin zuen Aljeriara,  Magreb-Europa gasbidearen inguruko kontratuaren inguruan berriro hitz egiteko.  Aljeriako Gobernuak Espainiari ziurtatu zion gas naturalez hornitzeko sinatu zuten kontratua bete egingo duela eta, behar handiagoa izanez gero, gehiago esportatzeko prest agertu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala