Mundua -
Ukrainako gerra
Donbassen borrokan diren tropa ukrainarrak inguratu nahi ditu Errusiak
Eraso eta bonbardaketek herrialdeko hainbat puntutan jarraitzen dute, Errusiak bere indarrak Donbass "askatzeko" zereginetan jarriko zituela esan zuen arren.
O.P. | Eitb Media
Moskuk joan den ostiralean iragarri bazuen ere, bere indarrak Donbass eskualdea "askatzeko" zereginetan jarriko zituela, egia da, iragarpen horrek ez duela, momentuz, egoera askorik aldatu. Izan ere, erasoek eta liskarrek Ukrainako puntu ugaritan jarraitzen dute, Donbass barruan zein handik kanpo.
Errusiar armada Kharkivetik eta Mariupoletik barrena ari da ekialderantz egiten eta helburu dute Donbassen borrokan ari diren tropa ukrainarrak inguratzea. Hala dio, behintzat, Britainia Handiko Defentsa Ministerioak, bere inteligentzia-txostenen arabera argitaratzen dituen gerra-parteak.
Londresen txostenak azpimarratu duenez, "Ukraina iparraldeko gerra-frontea egonkor dago eta nahiko geldirik; ukrainar kontraerasoek apenas uzte diete errusiarrei euren soldaduak berrantolatzen".
Era berean, Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri du bere armadak armadak S-300 eta Buk misil antiairekoen sistemetarako misilen biltegi bat suntsitu duela itsasotik jaurtitako irismen luzeko armekin, Plesetskoye herrian, Kievetik 30 kilometro hego-mendebaldera.
Gainera, larunbatean Lviv hirian egindako erasoetan, mendebaldeko eskualdeetan dauden Ukrainako tropak hornitzeko erabiltzen den erregai-base bat suntsitu duela ziurtatu du, baita irrati sistema konpontzeko tailer bat ere.
Igor Konashenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, larunbatean Errusiako hegazkintza operazional eta taktikoak Ukrainako 67 instalazio militar jo zituen, eta 18 drone ukrainar eraitsi ditu gauean.
Errusiaren arabera, "operazio militar berezia" deritzona hasi zenetik, 289 drone, 1.656 tanke eta borrokarako beste ibilgailu blindatu, 169 suziri jaurtigailu, kanpainako artilleriako 684 pieza eta mortero, suntsitu dituzte, baita 1.503 ibilgailu militar berezi ere.
Ukrainako Indar Armatuek, bestalde, Errusiako tropek Donbasen egindako zazpi erasori aurre egin dietela ziurtatu dute.
Ukrainak dio inbasioa hasi zenetik Errusiako armadak 16.600 soldadu inguru galdu dituela -hildakoen, zaurituen edo preso hartutakoen artean-, baita 127 helikoptero, 582 blindatu, 7 itsasontzi eta 56 drone ere, besteak beste. Agentziek, baina ezin izan dute informazio hau iturri independenteekin kontrastatu.