Mundua -

Ukrainako gerra

Estatus global neutrala hartzeko prest da Ukraina Errusiarekin bakea erdiesteko

Zelenskik, Errusiako hedabide independenteei egindako elkarrizketa batean, tropak otsailaren 24a baino lehenagoko posizioetara erretiratzea eskatu dio Errusiari. "Itzul zaitezte dena hasi zen tokira, eta Donbassen auzi zaila konpontzen saiatuko gara", esan du.

Volodomir Zelenski. EFEren artxiboko irudia.
Volodomir Zelenski. EFEren artxiboko irudia.
Volodomir Zelenski. EFEren artxiboko irudia.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkian Ukraina eta Errusiaren arteko elkarrizketa erronda berri bati ekiteko bezperan, elkarrizketa mamitsua eskaini die Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteak  Errusiako hedabide zenbait independenteri (Meduza, Kommersant eta Novaya Gazeta). Bertan ziurtatu duenez, Ukraina prest egongo litzateke estatus global neutral bat hartzeko Errusiarekin bake akordio bat erdiesteko. Argitu du, hori bai, ustezko bake akordio hori beste herrialde batzuek ikuskatu beharko luketela eta erreferendum bidez herritarrei erabakitzeko eskubidea eman.

Horrez gain, azaldu du Ukrainaren helburua dela Errusiak bere tropak otsailaren 24az aurreko posizioetara itzultzea, Crimea, Donetsk eta Luhansken orduko presentzia mantenduz.

"Ulertzen dut ezinezkoa dela Errusia lurralde horiek (ukrainarrak) erabat uztera behartzea, horrek Hirugarren Mundu Gerra ekarriko duelako. Erabat ulertzen dut. Hau da esaten dudana: konpromiso bat da. Itzuli zaitezte dena hasi zen tokira eta Donbassen auzi zaila konpontzen saiatuko gara", adierazi du agintari ukrainarrak.

Edozein irtenbide politikok oinarri bat behar duela gogorarazi du Zelenskik, tropak erretiratzea, "legeak aldatu zain egon gabe".

Hala ere, Zelenskik, gainera, adierazi du prest dagoela presoen truke berri bat hitzartzeko, baita liskarrak amaitu aurretik ere.

Bestalde, Zelenskik adierazi du prest dagoela bi herrialdeetako hizkuntzak eta haien balio historiko eta kulturalak elkarri errespetatzeko akordioak sinatzeko.

Errusian, zentsuratua

Roskomnadzor Errusiako komunikabideen gainbegiratze agintaritzak, Errusiako hedabideei ohartarazi die debekatua dutela Zelenskirekin elkarrizketa argitaratzea. "Elkarrizketak egin dituzten komunikabideei azterketa egingo zaie, haien erantzukizuna norainokoa den eta hartuko den erantzun egokia zehazteko", jakinarazi du erakundeak.

Zelenskik berak, bere Telegrameko kanalean zabaldu du elkarrizketa luzea. Errusian ezagunak diren hainbat kazetarik parte hartu dute, hala nola Mijail Zigarrek edo Tijon Dziadkok, TV Rain telebistako zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski