Mundua -
ukrainako gerra
Lau milioi pertsonak baino gehiagok ihes egin dute dagoeneko Ukrainatik, NBEren arabera
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik Europan izan den exodorik handiena da. ACNUR errefuxiatuen agentziak asteazken honetan emandako datuen arabera, hamar ukrainarretik batek bere herrialdea utzi du hilabete pasatxoan.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Hilabete pasatxoan, lau milioi pertsonak baino gehiagok ihes egin dute Ukrainatik gerraren ondorioz, ACNUR Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatu Agentziak argitara eman dituen azken datuen arabera. Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den exodorik handiena dela azaldu du.
Inbasioa hasi zenetik, hamar ukrainarretik batek bere herrialdea utzi du, eta ihes egin duten pertsona horien erdiak baino gehiago Poloniara joan dira, 2,3 milioi ukrainar, gutxi gorabehera; 600.000 pertsona inguru, berriz, Errumanian daude, eta bertara iritsi aurretik, horietako milaka Moldaviatik igaro dira.
Hungariak 364.000 errefuxiatu jaso ditu, Errusiak 350.000, Eslovakiak 281.000 eta Bielorrusiak 10.900, agentziak emandako azken datuen arabera.
Ihes egin dutenez gain, badira etxetik alde egin baina Ukrainan bertan gelditu direnak ere; 6,5 milioi pertsona baino gehiago. Orotara, beraz, 11 milioi ukrainar, biztanleria osoaren laurdena, etxetik joan dira gerratik ihesi.
UNICEF Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak aurreko astean argitaratutako datuen arabera, Ukrainako 7,5 milioi adingabeen erdiek baino gehiagok etxetik alde egin behar izan dute azken hilabetean.