Mundua -
ukrainako gerra
Europar Batasuneko goi-karguen aurkako zigorrak ezarri ditu Errusiak, hartutako neurriengatik
Errusiako Gobernuak zigorrak ezarri ditu Europar Batasuneko erakundeetako lider nagusien aurka, "politika antierrusiarrak" bultzatu izanagatik, eta iragarri du "erantzun gogorra" izango duela "etsaitasunezko" ekintza orok.
agentziak | eitb media
Errusiako Gobernuak zigorrak neurriak ezarri ditu ostegun honetan Europar Batasuneko (EB) lider nagusien eta Europako Batzordeko kide gehienen aurka. Blokeak Ukrainaren inbasioaren aurrean hartutako neurri zigortzaileei erantzuteko hartu dute erabaki hori.
Hala jakinarazi du Errusiako Kanpo Arazoetako Ministerioak, baina ez du zigortutako pertsonen izenik eman. Aurrerantzean, pertsona horiek debekatuta izango dute herrialdean sartzea.
"Europar Batasuneko goi-kargu nagusiei" ezarri zaizkie zigorrak, "zenbait europar komisario eta EBko egitura militarren buruak barne, baita Europako Batzordeko kide gehienei ere". Izan ere, Moskuren arabera, "politika antierrusiarrak" bultzatu dituzte.
Halaber, 'zerrenda beltz' horrek barne hartzen ditu goi mailako funtzionarioak. Horien artean dira EBko zenbait estatu kideren gobernu eta parlamentuetako ordezkariak, figura publikoak eta hedabideetako langileak, "Errusiaren aurkako legez kanpoko zigorrak bultzatu izanaren ardura pertsonala dutenak, errusofobia sustatuz eta errusiar hizkerako gizartearen eskubide eta askatasunak urratuz", gaineratu du Kanpo Arazoetako Ministroak.
Iragarri duenez, "ezinbestean, erantzun gogorra izaten jarraituko du EBk eta bere estatu kideek egindako etsaitasunezko ekintza orok". Gainera, adierazi du Bruselak "edonola ezartzen" dizkiela alde bakarreko murizketak errusiar biztanle eta erakundeei, eta haren erabakiek "muga guztiak gainditzen" dituztela.
"Europar Batasunaren ekintzek kale itsu batera daramate Errusiarekin duen harremanean, eta arriskuan jartzen dituzte haren biztanle propioen ongizatea eta segurtasuna, baita mundu mailako finantza sistema ekonomikoaren egonkortasuna ere", ohartarazi du Kanpo Arazoetako Ministerioak.
Europar Batasunak, aliatuekin koordinatuta, zigor ekonomikoak ezarri dizkio Moskuri, Ukraina inbaditu izanagatik, eta adierazi du neurri pakete gehiago prestatzen ari dela.