Mundua -
Ukrainako gerra
Butxan izandako sarraskia argitzeko ikerketa independentea abiatzea eskatu du NBEk
Bestalde, Volodimir Zelenskik nazioarteko komunitateari egotzi dio ez duela nahikoa egiten Errusiak hasitako gerra amaitzeko, eta NBEren Segurtasun Kontseiluak zertarako balio duen galdetu du, "bakea bermatzeko gai ez bada".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako Butxa hirian Errusiako Armadak egindako sarraskia ikertzeko eskatu du Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, gerra krimenak egin ote ziren argitzeko.
NBEren Segurtasun Kontseiluaren bileran egindako agerraldian, Guterresek azpimarratu du ezinbestekoa dela ikerketa "independente bat" abiatzea gertatutako argitzeko eta ondoren ardurak eskatu ahal izateko.
Ukrainako inbasioak munduko bakea arriskuan jar dezakeela ohartarazi du eta gatazka horri amaiera ematea "inoizko erronkarik" handienetakoa dela erantsi du.
Hilabete bakarrean, 10 milioi errefuxiatuk egin dute ihes Ukrainatik. Guterresek zehaztu du Bigarren Mundu Gerratik eman den behartutako pertsona mugimendurik handiena izan dela.
Errusiako ordezkari Vasili Nebenziak, berriz, ukatu egin du Errusiako Armadak zibilak hil dituenik Butxan eta akusazioak "oinarririk gabekoak" direla gaineratu du.
"Zekenkeria da militar errusiarrak horretarako gai direla pentsatzea", adierazi du bileran.
Bestalde, Volodomir Zelenskik bideokonferentzia bidez hartu du parte batzarrean eta nazioarteko komunitateari aurpegiratu dio ez duela nahikoa egiten Errusiak abiatutako gerra amaitzeko.
"Zein da erakunde honen helburua? Bakea mantentzea eta defendatzea da bere eginkizuna, baina ezer egingo ez bada, hobe desegiten bada", deitoratu du.
"Segurtasun Kontseilua badago, baina non daude bakea eta erakunde horren bermeak?", galdetu du.
Gauzak horrela, Nazio Batuen Erakundearen antolakuntza eredua aldatzea proposatu du, Ukraina jasaten ari den moduko erasoei aurre egin ahal izateko.
Zelenskik esanetan, NBEk ez du nahikoa egiten Ukrainan bakea bermatzeko, eta beste herrialde asko ere bakarrik utzi dituela salatu du, besteak beste, Libia, Somalia, Afganistan eta Yemen aipatu ditu.
"Tiranoei aurre egin izan balitzaie, bake justua bermatuta izango genuke eta, agian, ni herrian ez zen gerrarik izango", azpimarratu du.