Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiako ikatza inportatzeko debekua gehitu du Europar Batasunak bosgarren zigor sortan
Errusiatik inportatzen duen energia sartu du lehen aldiz Europar Batasunak bart onartu duen bosgarren zigor sortan. Halaber, debekatu egin du teknologia garatuko gaiak eta armak Errusiara esportatzea. Era berean, Europako portuetara sartzea galaraziko diete 27ek itsasontzi errusiarrei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasunak Errusiaren aurkako bosgarren zigor sorta onartu du bart, Ukraina inbaditu zuenetik ezarri dion bosgarrena. Lehen aldiz, gainera, Errusiatik inportatzen duen energia gehitu du, zehazki, bertatik ikatza inportatzea debekatu du. Horrez gain, debekatu egin du teknologia garatuko gaiak eta armak Errusiara esportatzea.
Europako Batzordeak Errusiatik Europar Batasunera egindako ikatz-inportazioei enbargoa ezartzea proposatu zuen asteazkenean eta atzo hartu zuten erabakia estatu kideek Europar Batasunean dituzte enbaxadoreek. Zigorrak indarrean sartuko dira Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean.
Errusiatik inportatzen duen energia sartu du lehendabiziko aldiz Europar Batasunak bart onartu duen bosgarren zigor sortan. Halaber, debekatu egin du teknologia garatuko gaiak eta armak hara esportatzea.
Oraingoz, Europar Batasunak ez dio mugarik jarri Errusiako petrolioa eta gas naturala erosteari. Dena dela, ez du baztertzen aurrerago egitea. Atzo, Euroganberak petrolioari eta gas naturalari ere enbargoa ezartzea eskatu zuen loteslea ez den ebazpen batean. Ukrainak ere eskari hori egin du behin eta berriro.
Bestalde, Europar Batasunak Errusiako hainbat bankuren aktiboak izoztuko ditu. Europak Errusiara egiten dituen esportazio batzuk ere bertan behera geldituko dira, batez ere teknologiari lotutakoak.
Itsasontzi errusiarrei Europako portuetara sartzea galaraziko diete 27 herrialdeek.
Bestalde, hainbat pertsonen aurkako zigor indibidualak ezarri ditu. Horien artean daude Ekaterina Tijonova eta Maria Vorontsova, Vladimir Putinen alabak.