Mundua -
Ukrainako gerra
EBk Errusiako petrolioa jomugan du orain, eta AEBk Putinen eta Lavroven alabei zigorrak ezarri dizkie
Charles Michelen ahotan, petrolioari eta gasari zigorrak ezartzea "beharrezkoa izango da lehenago edo beranduago". Bestalde, Sberbank eta Alfa Bank Errusiako banku nagusien "erabateko blokeoa" iragarri du Washingtonek.
Agentziak | EiTB Media
Sektore energetikoaren aurkako zigorrak aplikatzen jarraitzea berretsi du Europar Batasunak astearte honetan. Horrela, Errusiaren ikatzari blokeoa ezartzea proposatu ondoren, Moskuko petrolioaren kontrako neurriak planteatu ditu Bruselak, Butxan eta Kiev inguruko beste herri batzuetan egindako sarraskiari erantzuteko.
Europako Kontseiluaren azken bilera mintzagai izan dute Europako Parlamentuaren saioan. Charles Michel erakundeko presidenteak adierazi duenez, ikatz hornidura eteteko proposatu dituzten neurrien ostean, petrolioari eta gasari zigorrak ezartzea "beharrezkoa izango da lehenago edo beranduago", Errusiaren erregai fosilenganako menpekotasuna hausteko.
"Gerra honek begiak ireki dizkigu burujabetza sustatzearen beharrari dagokionean", nabarmendu du Belgikako lehen ministro ohiak. Zentzu horretan, Europako buruzagiek energia eta elikagai subiranotasuna indartzeko konpromisoa hartu dutela azpimarratu du.
Borrell: "Ikatza fakturaren zati oso txikia da"
Josep Borrell EBren Atzerri Politikarako goi ordezkariak Errusiaren erasoaldiari emandako erantzuna defendatu du, menpekotasun energetikoa murrizteko egitasmoak praktikara eramatea suposatzen duelako.
"Gaur ikatzarekin amaituko dugu, baina fakturaren zati oso txikia da", onartu du Borrellek eurodiputatuen aurrean, Errusiako sektore energetikoaren aurkako neurri gehiago beharrezkoak direla aditzera emanez.
AEBk Vladimir Putinen eta Serguei Lavroven alabei zigorrak ezarri dizkie
Bestalde, AEBk Katerina Tijonova eta Maria Vorontsova Valdimir Putin Errusiako presidentearen bi alabei zigorrak ezarri dizkie, baita Sergeui Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren emazteari eta alabari ere.
Gainera, Sberbank eta Alfa Bank Errusiako banku nagusien "erabateko blokeoa" baieztatu die Joe Bidenen Gobernuko goi funtzionario batek kazetariei. Ondorioz ezin izango dute AEBn transakziorik egin.