Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Errusiako Armada Ukraina ekialdeko ofentsiba prestatzen ari da, Mariupol setiatuta duen bitartean

Ukrainako Armadaren arabera, Mariupolen, Izium hiriaren eremuan eta Donetsk inguruan kontzentratzen ari dira Errusiako indarrak.

Mariupol hiriaren sateliteko irudia. Artxiboko argazkia: EFE
Mariupol hiriaren sateliteko irudia
Mariupol hiriaren sateliteko irudia. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gerra hasi zenetik 44 egun betetzen diren honetan, Errusiako Armadak Ukraina ekialdeko eraso militarra prestatzen jarraitzen du eta Mariupoleko setioak iraun egiten du, Ukrainako Armadak zabaldutako azken informazioaren arabera.

"Errusiar inbaditzaileen ahaleginak Mariupolen kontzentratzen ari dira, Izium hiriaren eremuan (Kharkiv eskualdean) eta Donetsk inguruan, Ukraina ekialdean", gaineratu du.

Armada ukrainarraren arabera, tropa errusiarrek Kharkiv hiria blokeatzen jarraitzen dute eta minaz bete dituzte bazterrak "tropa ukrainarrek aurrera egitea eragozteko".

Izium hirian, Donetsk herri errepublika errusiazaleko ordezkariak "udaltzain" lanak egiten ari dira eta baita legez kanpoko kontrolak eta pertsonen zein establezimenduen miaketak ere.

Goizaldeko bere mezuan Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ohartarazi duenez, tropa errusiarrak aktiboagoak dira orain Donbassen, Ukraina ekialdean, eta eraso militar baterako indarrak batzen ari dira.

Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Azterketarako Institutuaren arabera, "litekeena da indar errusiarrak Ukraina ipar-ekialdetik erretiratutako unitateak berriz biltzen eta zabaltzen saiatzea, baina ez dirudi horrek aurrera egitea ahalbidetuko dienik".

Institutu horren arabera, Izium hiria eta Slovianskeko ardatza kontrolatzea funtsezkoa da etorkizuneko erasoaldirako, bestela, "ez dirudi indar errusiarrek Donetsk eta Luhansk eskualdeak arrakastaz kontrolatuko dituztenik".

Mariupol hiriari dagokionez, errusiazaleek atzo adierazi zuten erdigunea kontrolpean dutela, baina Ukrainak erantzun zuen bere tropek eusten jarraitzen dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina gaur Errusia Vladímir Putin argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur Ukrainako presidentea