Mundua -
Ukrainako gerra
Ukrainaren eskaera hirukoitza: "Armak, armak eta armak"
"Herrialdearen mendebaldean gerra gogortu" daitekeela-eta Ukrainak eskatu dituen armak bidaltzeari bidea zabaldu dio NATOk. Borrellek dio Ukrainak orain "txalo gutxiago eta arma gehiago" behar dituela.
O.P. | Eitb Media
Ukrainaren gaineko ofentsiba errusiarraren bigarren fasean aurrera egiteko konponbidea, Ukrainaren, NATOren eta Europar Batasunaren iritziz, Kievera arma hilgarri gehiago bidaltzea da, "herrialdearen mendebaldean gerra gogortu eta denboran luzatu daitekeela ikusita".
Dimitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak argi hitz egin du: "Nire agenda oso sinplea da, hiru puntu baino ez ditu: armak, armak eta armak", eta halaxe eskatu dio NATOri, "errusiaren eraso militarrari aurre egiteko eta Butxakoa bezalako zibilen triskantzak saihesteko" armak.
Ministro ukrainarrak adierazi du Kievek material astuna behar duela, "hegazkinak, irismen laburreko misilak, ibilgailu blindatuak eta defentsarako sistema astunak". Hori da, Kulebaren esanetan, Ukrainari laguntzeko "modurik onena".
Adierazpen horiek NATO lehen aldiz Ukrainako agintariei gisa horretako materialarekin laguntzera prest agertu den unean iritsi dira. Lehendik ere armak bidaltzen dituzten NATOko estatu kideak, bidalketa horiek indartzera eta Ukrainaren eskaerari erantzutera animatu ditzake horrek. Atzo, Atzerri ministro aliatuen lehen bileraren aurretik, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak azpimarratu zuen Kievek "premiaz" behar duela laguntza militar gehiago, eta parez pare zabaldui zion atea ekipamendu astuna bidaltzeko aukerari.
Josep Borrell Europar Batasuneko (EB) Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi-ordezkariak ostegun honetan berretsi duenez, Ukrainak "arma gehiago, txalo gutxiago eta arma gehiago" behar ditu, eta Errusiari zigor gehiago ezarri (petrolioari barne) eta presioa egiten jarraitzearen eta nazioarteko isolamenduari eustearen alde egin du.
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak adierazi duenez, Estatu espainiarrari dagokionez, "e dago oraintxe mahai gainean" Errusiatik defendatzeko Ukrainara tankeak, hegazkinak eta arma astunak bidaltzeko aukera. Albaresen esanetan, "Espainia dagoeneko ari da material militarrarekin, laguntza humanitarioarekin, zigorrekin eta babes politikoarekin laguntzen", eta berriro ere argi utzi du NATOk ez duela zuzenean bidaltzen armamentua, herrialde aliatu bakoitzak erabakitzen duela zer egin.
Operazio militar errusiarra hasi zenetik eta hasi aurreko asteetan, Ukrainak ipar hemisferioko herrialde ugaritatik jaso du armamentua (arina eta astuna); horien artean daude Europar Batasuneko hogei bat herrialde (Txekiar Errepublika, Polonia, Frantzia, Belgika, Alemania, Suedia, Finlandia, Herbehereak, Danimarka, Portugal, Italia, Errumania, Kroazia, Eslovakia, Luxenburgo, Grezia, Lituania, Estonia eta Espainia), bai eta Erresuma Batua, AEB, Kanada, Turkia eta Arabiar Emirerri Batuak.