Mundua -
Ukrainako gerra
Bidenek Ukrainan "genozidioa" egitea leporatu dio Errusiari; Macron ez dago ados
Vladimir Putinek, bestalde, Errusiak ez duela "gerra krimenik" egin esan du, eta Ukrainari "Donbassko herriaren kontra" azken zortzi urteetan "genozidioa" egitea egotzi dio.
Agentziak | EITB Media
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Vladimir Putin Errusiakoari egotzi dio Ukrainan "genozidioa" egitea.
"Nire eskua dagoen guztia egiten ari naiz, aginduen bitartez, salneurriak jaitsi daitezen, Putinen prezioen gorakadari aurre egiteko. Zuen familien aurrekontuak eta aurrezteko ahalmena ezin dira egon munduko beste puntan gerra bat hasi eta genozidioa egiten duen diktadore baten esku", esan du Bidenek.
Bere Gobernuak gerra krimenak leporatu dizkio Putini, baina orain arte ez zuen "genozidio" hitza erabili. Volodimir Zelenskik, ordea, bai.
Geroago, hitz hori nahita erabili duela baieztatu die Bidenek kazetariei. Esan duenez, "gero eta argiago dago Putinek ukrainar izatearen ideia ezabatu nahi duela".
Macronek ez du uste Errusia genozidioa egiten ari denik
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "zuhurtzia" eskatu du inbasioari buruz hitz egitean, eta "gerra krimenak" aipatu ditu, ez "genozidioa".
Frantziako telebistan emandako elkarrizketa batean, Macronek "hitzek gora egitea" errefusatu du, Bidenen adierazpenari erreferentzia eginez, eta Ukrainako eta Errusiako herriak "senideak" direla zehaztu du. "Genozidioak esanahi bat dauka. Ukrainako herria eta Errusiako herria senideak dira", azpimarratu du.
Moskuri gerra "anker" bat "alde bakarretik" hastea egotzi dio, eta esan du Errusiako Armadak "gerra krimenak" egin dituela Ukrainan. "Beharrezkoa da arduradunak aurkitzea eta justiziaren aurrean eramatea", esan du.
Errusiak Ukrainari Donbassen zortzi urtez genozidioa egitea leporatu dio
Errusiako presidenteak, bestalde, Ukrainako inbasioaren helburua "Donbassko herria salbatzea" dela esan du, baita Donetsk eta Luhanskeko herri errepublikei laguntzea; izan ere, Ukrainako Armadaren "genozidioaren" biktima izan dira "zortzi urtez".